Gernika beste ikuspegi batetik
Matthias Luben eta Janusz Czech artista alemaniarrek Gernikako eraikin esanguratsuenen irudiak 3D formatuan grabatu dituzte. Herriko irudia nazioartean zabaltzeko aukera da kultur ordezkarientzat.
Errealitate birtualak aurrean ez dagoena bertan egongo balitz bezala ikusteko aukera eskaintzen du. Dela hegazkin batean egotea, abentura parkean, safarian edota XVIII. mendeko baserri giroan. Teknologia informatikoaren bidez sorturiko itxura errealeko eszenek edo objektuek eratzen dute errealitate birtuala, eta erabiltzaileari bertan murgilduta egotearen sentsazioa eragiten dio. 3D formatuak ere, toki jakin batean egongo bagina bezala lekuak ikusteko aukera eskaintzen du, ordenagailu edo telefono mugikorren bitartez.
Gernika-Lumo modu birtualera igaro da, eta udalerria 3D formatuan ezagutzeko aukera egongo da laster. Izan ere, uztailaren 5etik 9ra bitartean, Matthias Luben eta Janusz Czech artista alemaniarrak udalerrira hurbildu eta bertako eraikin esanguratsuenen irudiak 3D formatuan hartu zituzten: Batzarretxea, Merkatu Plaza, babeslekuak, Astra, Jai Alai frontoia, Andra Maria Eliza, Europako Parkea, Bakearen Museoa eta Kultur Etxea grabatu zituzten, hain zuzen ere.
Pforzheimgo (Alemania) artistak dira Luben eta Czech, eta bisita gidatuak 3D formatuan egiten dituzte; hori da Raum Gang deitutako euren proiektuaren helburua. “Bisita birtualak ahalbidetzen ditugu mundu osoko lekuetara. Jendearentzako irekita ez dauden kokapenak ere bisitatu daitezke gure 3D eskaneatze teknologia erabiliz”, diote artistek euren webgunean. Halaber, toki bakoitzeko datu azpimarragarrienak ere jasotzen dituzte bisita birtual horietan. “Irudiak oso politak dira, eta herriko egitura guztiak zehaztasun osoz ikusi ahalko dira. Gernika beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eskaintzen du proiektuak”, azaldu du Cristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak.
Munduko leku esanguratsuak grabatzen dituzte artista alemaniarrek, eta Gernika-Lumoko lekuak grabatzeko proposamena udal arduradunei heldu zitzaienean segituan onartu zutela dio Aranak: “Artistek Pforzheimgo Udalari proposatu zien Gernika-Lumon grabatzeko ideia, eta anaikidetatutako herriak garenez, proposamena jaso eta onartu egin genuen”.
Hala, udalerria nazioartean zabaltzeko “aukera bikaina” dela uste du zuzendariak: “Proiektu honek herriko irudia eta ondare historiko eta kulturala nazioartean zabaltzeko aukera eskaintzen du. Bertara etorri ezin diren bisitariek udalerria beste era batera ezagutzeko aukera dakar. Inguruetako bizilagunei ere, inoiz ikusi ez dituzten lekuak xehetasun osoz ikusteko aukera eskaintzen die. Proiektu honek beste leiho bat zabaltzen dio herriari, Alemaniako turismoari eta gure ondarea zabaltzeko metodoari”.
Anaikidetutako herriak
Udalerriko proiektuak Pforzheimegaz anaikidetuta dauden hirietan egindako grabazioen sorta osatuko du, Alemaniako Pforzheim hiriko kasua barne. “Anaikidetutako herrietako leku garrantzitsuenak jaso gura dituzte. Gernikatik hasi dira, baina beste leku batzuk ere grabatuko dituzte”.
Proiektua bera euren webgunean (raumgang.de) egongo da ikusgai, eta kultur etxeak ere irudiak zabalduko dituela adierazi du zuzendariak. “Iaz egin behar zen proiektua da honakoa, baina pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan genuen. Orain, proiektua prest dagoenean herritarrei jakinaraziko diegu eta gure webgunean ere jasoko ditugu irudiak”.