Gaizka Astorkizaga aske utziko dute, baldintzapean
5.000 euroko bermea ezarri die epaileak Astorkizaga eta Valentina Morisoliri. 2020ko azaroan atxilotu zituen Ertzaintzak, "terrorismoa goratzea" leporatuta
Gaizka Astorkizaga datozen orduetan aske utziko dutela jakinarazi dute bere gertukoek, epaileak ezarritako 5.000 euroko bermea ordainduta. Ibarrangeluko bizilaguna 2020ko azaroaren 16an atxilotu zuten, etxean. Polizia operazio berean atxilotu zuten Valentina Morisoli, Usansolon. Biek ere, “terrorismoa goratzea” leporatuta atzeman zituen Ertzaintzak.
Muxika eta Foruko tren geltokietan ustezko sabotajeak egitea egotzi zieten, eta Iñaki Bilbao ETAko presoaren goratzea izan zitekeelako epaileak behin-behineko espetxealdia agindu zuen bientzat.
Gaur egun Soto del Real espetxean dago Astorkizaga, eta Alcala Mecon Morisoli.