Plazandreak txapelketaren lidergoa galdu du Arrizabalagaren taldeak
Beste bi taldeen azken jardunaldiaren emaitzek baldintzatuko dute Arrizabalagaren taldea finalean sartzea.
Plazandreak txapelketaren 5. jardunaldia jokatu zuten atzo gauean [uztailak 19], eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak, Nora Mendizabalek eta Madalen Etxegaraik osatutako Mikel Inuntziagaren taldeak gaueko hiru partiduak galdu zituen.
Jokoan zeuden hiru puntuetatik bat lortzea nahikoa zuten finalerako txartela eskuratzeko, baina atzoko porroten ondorioz, lidergoa galdu eta azkenengo jardunaldiaren emaitzei itxaron behar diete. Abuztuaren 2ko finalean sartzea ez dago euren esku.
Lau t’erdikoan Arrizabalagak Amaia Aldairen kontra jokatu zuen buruz burukoa, eta aurrelari gernikarra irabazten hasi bazen ere, 7-12 galdu zuen. “Partidua ez zen izan txapelketako onena. Hanka erdi finalean geneukan, eta orain, besteek zer egingo zain gaude. Ez da espero genuen egoera, eta ez da egoerarik onena. Finalerako txartela kantxan irabaztea nahi izaten dugu beti”, dio Arrizabalagak.
Hasieratik “partidutik kanpo” egon zen, finalean sartzeko beharrezkoa zuten puntu bakar hori irabazteko presio eduki zuen. Iazko txapelketan ez zuen partidurik galdu eta presio hori ere igarri du aurten: “Oraingoan ere atzora arte ez dut buruz buruko partidurik galdu, eta nire buruari presio hori jarri nion. Sentsazioak ez ziren onak izan. Psikologikoki txarto egon nintzelako joan zitzaidan partidua. Jokoan ez nintzen txarto ibili”.
Aldaik, ostera, ideiak oso argi eduki zituen, eta partidua kontrolpean edukitzea lortu zuen. Arrizabalaga atzeko koadroetan mantentzea izan zen bere estrategia, eta asmatu zuen. “Orain arteko partiduetan nik eraman dut iniziatiba, normalean, ni egon naiz partiduei erritmoa jartzen. Oraingoan bere helburua izan da ni atzean mantentzea, eta berak bere jokoa egitea”. Hain zuzen, 4. jardunaldian, deseroso hasi zen Arrizabalaga, eta gero buelta ematea lortu eta garaipena eskuratu zuen, atzo, baina, ezin izan zuen gauza bera lortu.
Ondoren, binakakoan Etxegaraik eta Mendizabalek hurbil eduki zuten garaipena. Ia partidu osoan gehiago izan ziren, oso ondo jokatu zuten, partidua kontrolatzen, eta jokoa atzera eramaten. Ia akatsik egin barik, irabazten joan ziren, baina partiduaren azken zatian Aldaik eta Uxue Osesek aurrea hartu zieten, eta 10-12 galdu zuten.
Arrizabalagaren ustez, “detaile txikietan joan zitzaien partidua”. Azken zati horretan, Aldai jokoan gehiago sartu zen, eta horrek eragin zuzena eduki zuen. “Pena izan zen. Uste dut binakako puntu hori merezi genuela”.
Gaueko azken partiduan, Etxegaraik 2-12 galdu zuten Leire Garairen kontra.