Olatz Arrizabalaga eta Ane Mendiburu, Plazaz-Plaza txapelketaren final-laurdenetan
Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk Amaia Aldairen eta Uxue Osesen kontra jokatuko dute final-laurdena, domeka arratsaldean, Mendaron.
Plazaz-Plaza txapelketaren ligaxka amaituta, erabaki dira asteburu honetako final-laurdenetan ariko diren zortzi bikoteak.
Domekan [uztailak 25] Aranon eta Mendaron jokatuko dituzte final-laurdenak. Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Ane Mendiburuk Amaia Aldairen eta Uxue Osesen kontra jokatuko dute 18:00etan hasita, Mendaron.
Partidu “gogorra” aurreikusten du gernikarrak: “Mendiburu oso seguru dabil, sekulako txapelketa egiten. Atzean oso ondo eusten dio, eta uste dut atzean abantaila hori daukagula. Uste dut Amaia eta ni aurrean tantoak nork amaitzen dituen norgehiagoka horretan ibiliko garela, eta bai berak eta bai nik atzera eraman nahiko dugula partidua, eta gutxien huts egiten duen atzelariak aterako duela partidua aurrera”.
Ligaxkaren azken jardunaldia domekan [uztailak 18] lehiatu zuten Bartzelonan. Arrizabalaga eta Mendiburu Eneritz Arrietari eta Naroa Elizalderi 11-22 irabazita sailkatu dira hurrengo fasera.
Ligaxkaren azken partidu horretan 30 bat graduko tenperaturagaz jokatzea ez zela gozoa izan dio aurrelari gernikarrak: “Ez zen erraza izan; beroak ez zuen lagundu. Gainera, frontoia labainkor zegoen; hondartza alboan zegoenez, hauts modukoa zegoen, eta horrekin irrist egiten genuen denok”. Hala ere, partidu “nahikoa borobila” egitea lortu zuten Mendiburuk eta berak. Hasieratik ideiak argi eduki zituzten, eta oso seguru jokatu zuten, eta aurrean tantoak “oso erraz amaitzen”. Baldintza horietan “hobeto jokarik ez zegoela” uste du.
Txapelketaren finalerdiak uztailaren 31an [zapatua], 16:00etan hasita jokatuko dituzte Donamarian. Leitzan argituko da zein den bikote txapelduna. Abuztuaren 14an, 12:00etatik aurrera lehiatuko dute finala.