Madalen Egunean Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundaka itxiko dituzte
Egoiliarrez gain, baimendutakoek bakarrik sartu ahalko dute udalerriotara. Kontrol eta segurtasun dispositiboa martxan dagoen bitartean, Elantxobeko portutik bertako ontziek ere ezin izango dute ez sartu ez irten.
Iaz modura, aurten ere Elantxobeko, Ibarrangeluko eta Mundakako Udalek Madalen Egunerako segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte, eta herri horiek ixtea erabaki dute. Herriotako alkateek “zuhurtziaz, erantzukizunez eta errespetuz” jokatzeko deia zabaldu diete herritarrei.
Ertzaintzagaz elkarlanean, hiru udalerriotan kontrol zorrotzak egingo dituzte ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko. Jende pilaketarik sortzen ez dela ziurtatzen ariko dira ertzainak.
Pandemia aurretik, Elantxoben batzen zen jendetza handiena. Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak dio iazko neurriak arrakastatsuak izan zirela, eta jendearen erantzuna ona izan zela: “Aurten berdina espero dugu. Eguna lasaitasunez pasatuko dugu, pasadan urteko legez. Baimenik barik datorren inor ez da sartuko. Ez dugu jai handirik onartuko. Ikusten baldin badugu jendea datorrela ertzainek herria hustuko dute. Bertoko jendeari lasai hartzeko eskatzen diogu”.
Lurrez zein itsasoz. Elantxoben eta Mundakan lurrez zein itsasoz areagotuko dituzte kontrolak.
Mundakako portuan amarralekua daukatenak eta bertako egoiliarrak bakarrik sartu ahalko dira udalerrira.”Denok gaude ospatzeko desiatzen, baina egoerak eskatzen diguna denok errespetuz betetzea eskatzen dugu”, esan du Mikel Bilbao Mundakako alkateak.
Elantxoben, ostera, iazkoaren aldean neurriak gogortu dituzte, eta dispositiboa martxan dagoen bitartean, bertako ontziak ezingo dira portutik irten, eta ezingo da inor bertara sartu. “Iaz baimenagaz irten ahal izan zuten, baina aurten ontziek ezin izango dute ez sartu ez irten; portua itxita egongo da dispositiboa aktibatuta dagoen bitartean”, azaldu du Egurrolak.
Elantxoben eta Ibarrangelun 08:00-08:30ak aldera ipiniko dute martxan kontrol dispositiboa.
Herritarrak eta baimendutako ibilgailuak sartu eta irten ahalko dira ibarrangelutik, beti ere, baimena erakutsita. Hori bideratzeko ertzainak ez ezik, udal brigadako langileak ere egongo dira. “Ertzaintzaren kontrolak eta mozketak egongo dira udalerriko sarrera guztietan: Iturriozen, Arbolizen, Akordako bidegurutzean eta Baztarrika auzoan”, dio Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Bizkaibusak ez dira Ibarrangelura sartuko, sarreretan geratuko dira. Erabiltzaileak herrigunera joateko Ibarrangeluko taxistaren zerbitzua ipiniko du udalak, eta Elantxobeko Udalak bere furgoneta edukiko du zerbitzu bera emateko.
Hondartzetan. Aurten ere arreta berezia ipiniko dute Laida eta Laga hondartzetan, egunez zein gauez, jende pilaketak saihesteko. “Indar handia ipiniko dute hondartzetan, jendeak ohitura daukalako Lagara joateko, eta ertzainak zaintzeko egongo dira”.
Neurriek ibarrangelutarrei eragingo dizkien arazoengatik eta eragozpenengatik barkamena eskatu die Ziluagak: “Neurriak ez dira inoren gogokoak, baina hartu egin behar dira. Oraindino egoera kritiko batean gaude”.