Madalen Eguna ez ospatzea erabaki dute, osasun egoeragatik
Azken egunotan eman den kutsatzeen gorakada baloratu ostean eta egungo pandemia egoerako testuingurua aintzat izanda, ekitaldi instituzional txiki bat baino ez dute egingo.
Bermeoko Udalak, herriko ostalaritzaren ordezkariekin batera, agerraldia egin du, gaur, herriko Gizarte eta Kultur Etxean. Bertan, Covid-19aren azken kutsatzeen datuak medio, adierazi dute aurten ez dela Madalen Eguna ospatuko. Bermeotarrentzat hain berezia den egun hori bertan behera geratuko dela azaltzeaz gain, herritarrei “arduraz eta erantzukizunez” jokatzeko deialdia luzatu die Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Udaleko ordezkaritzak argitu duenaren arabera, Madalen Egunaren ospakizunak bigarren urtez jarraian bertan behera utzi beharra “ez da erabaki erraza izan“.
Abaroak, bestalde, gaineratu du egungo osasun egoeragaz, Madalen Eguneko ospakizunen segurtasunezko bideragarritasuna “kili-kolo” egongo litzatekeela eta, horrenbestez, “erabakirik seguruena baina mingarriena” egitaraua bertan behera dela. Beraz, aurten, iaz legez, ez dute hala Mundakako, nola Elantxobeko portuetara joaterik izango, biak ala biak zarratuta egongo baitira. Hainbeste mendetan zehar ospatu izan duten jai herrikoien ezeztapenagaz batera, Aritz Abaroak Bermeoko zein inguruetako herritarrei “zentzuzko abisu bat” bidali gura izan die.
“Madalen Eguneko egitaraua bertan behera uztea erabakirik seguruena baina mingarriena da”
Covid-19aren pandemiak, Bermeon, eboluzio «zeharo eskasa» izan duela azpimarratu du eta, era berean, oraindik ere, koronabirusaren krisialdian “bete-betean murgilduta jarraitzen dugula” ohartarazi. Hori horrela, “ardura indibidualen nahiz kolektiboen esangura potoloa” izan du ahotan, egoera honi aurre egin ahal izateko “nahitaezkoa” dela azalduta.
Saio instituzional xumea. Urteroko ohiko jai giroa emango ez den arren, Bermeoko Udaleko ordezkaritzak azaldu du “Madalen Eguneko ekitaldi instituzional labur, sinple eta xumea” burutuko dutela. Jende pilaketak ekiditeko eta inguruko itsas portuak zarratuta egongo direnez, ez dute aurreratu teila jaurtiketaren urteroko zeremonia burutuko ote duten. Ondorioz, egunera bertara arte ez da izango posible teila nongoa izango den jakitea.
Gaurkotasunak beregain duen larritasunaren aurrean eta uztailaren 22a bezalako egun esanguratsu batean ematen diren jende pilaketak tarteko, udaletik adierazi dute babeserako eta kontrolerako neurriak “zorroztu” egingo dituztela. Abaroak aipatutako neurrien artean, besteak beste, uneoroko patruilak, gune jendetsuenetako pilaketak sakabanatzeko programak edo portua zarratzea daude. Halaber, bai Bermeoko Udaltzaingoa, bai Ertzaintza Madalen Egunerako “entitate polizialen arteko elkarlanean oinarritutako kontrol plan berezi bat” amaitzen dabiltzala adierazi du.
“Madalen Eguneko ekitaldi instituzional labur, sinple eta xumea burutuko dugu”
Gizarte eta Kultur Etxean egindako agerraldian, Bermeoko Udalaz gain, herriko ostalarien ordezkariek ere bat egin dute Madalen Egunean abiatuko diren prebentzio neurriekin; horien artean, batik bat, informazio kanpaina bat ere ipiniko dute martxan udaletik: herriko udaltzainak tabernetara joango dira, bertakoei lekuan lekuko aforoa eta baldintzak zeintzuk diren argitzeko eta, horrela, herriko tabernetan ere segurtasuna bermatu ahal izateko.
Ostalaritzaren ordezkaritzak “gustora eta segurtasunez lan egiteko nahia” aldarrikatu du, herritar guztientzat “garai latzak” izan arren.
Uztaileko kultur egitaraua. Bestalde, Abaroak aurreratu du Bermeoko Udalak udarako programatuta zeukan egitarau kulturalaren zati bat “atzeratu” egingo dela, kutsatzeen azken gorakadagatik; beraz, uztailean Addar taldeak eman behar zuen kontzertua eta udako zinema saioa, momentuz, “bertan behera” lagako dituzte.
Abuztuko ekitaldiei dagokienez, “egoerak aurrera egin ahala” erabakiko dute ospatu ahal izango diren ala ez. Atzeratutsako jarduerak, ostera, atzera “ahal bezain lasterren programatzea” espero dute, osasun testuinguruak hori ahalbidetzen badu.