Hondartzetarako autobus zerbitzua bere horretan mantenduko da
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute onartu EH Bilduk egindako ez-arauzko proposamena; besteak beste, Laga, Laida edo Kanala hondartzetaraino doazen autobusen maiztasuna handitzea eta ordutegia 22:00ak arte luzatzea eskatu zuen koalizio abertzaleak
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute onartu Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hondartzetarako autobus zerbitzua hobetzeko EH Bilduk egindako proposamena; hortaz, Batzar Nagusiek ez diote eskaera hori egingo Bizkaiko Foru Aldundiari. Hain zuzen, eskualdeotako zenbait hondartzetara heltzeko autobusen maiztasuna handitzeko eskatu zuen koalizio abertzaleak ez-arauzko proposamenaren bidez; baita autobusen ordutegia 22.00ak arte luzatzea ere. Proposamen horrek, baina, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa izan du. Elkarrekin alderdiak proposamenari babes partziala eman dio, eta Talde Berezia-PPB abstenitu egin da.
EH Bilduren ustez “arazo bat” badago hondartzetarako garraioarekin eta, Zigor Isuskiza batzarkidearen berbetan, “urgentziazkoa da erabaki bat hartzea”. Ekainaren 1ean hondartza denboraldia hasi zenetik, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zenbait udalerri aldundiarekin harremanetan jarri dira, eta autobus zerbitzua hobetzeko eskatu. Isuskizak azaldu du Laga, Laida edo Kanala hondartzetara heltzeko garraio publikoa hobetuz gero aparkalekuekin sortzen diren arazoak konponduko liratekeela, besteak beste.
Hiru eskaera egin ditu koalizio abertzaleak bere proposamenean: Bizkaibus zerbitzuaren maiztasuna handitzea hondartza ordutegian, Bizkaibusek Gernikatik Ea eta Ispasterrera eskaintzen duen zerbitzua indartzea eta hondartzetako autobus zerbitzuaren ordutegia gutxienez 22:00ak arte luzatzea. Elkarrekin Bizkaia ez dator bat azken eskaera horrekin, eta proposamena puntuka bozkatzea eskatu du.
Eguraldiaren arabera. Foru gobernuak ez du beharrezko ikusi Bizkaibus zerbitzua indartzea. Jose Alberto Alvarez sozialistaren esanetan, zerbitzuaren eskaria eguraldiaren araberakoa izaten da, eta hori aurreikustea “zaila” izaten dela. Unai Lerma jeltzaleak esan du autobus zerbitzuaren ordutegia azterketa teknikoen arabera ezarri direla. Era berean, esan du gehienetan azken autobusa 21:30etakoa izaten dela eta bidaiari gutxien eraman ohi dituzenak direla.
Talde Bereziko batzarkide Eduardo Andradek (PP) kritikatu du proposamen hori egitea pandemia egoeran, “jendeak garraio publikoari ihes egiten dionean”. Era berean, kexu izan da hainbat hondartzatan “aparkalekuak kendu” direlako.