Arbe eta Lopez, txapeldun Markina-Xemeinen
Markina-Xemein Master Series txapelketaren finalean, bi setak galdu dituzte Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarrek. 600 ikusleko aforoa bete da Uniko final handian. Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrek jantzi dute 2.mailako txapela.
Egungo bakarkako txapelduna den Jokin Arbe markina-xemeindarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak irabazi dute Markina-Xemein Jai Alai Master Series-a. Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarrei bi set-ak irabazi zizkien, atzoko [uztailak 18] finalean: 14-15/8-15.
Bestalde, 2. mailan Goitia-Ibarluzea etxeko bikotea geratu da txapeldun. 30-24 irabazi zieten Goenaga mutrikuarrari eta Elkoro markina-xemeindarrari. Lau pilotariek ikuskizun polita eta entretenigarria eskaini zuten, gaueko jaialdiari hasiera emanez.
Jai Alai World Tour zirkuituaren lehen txapelketa izan da Markina-Xemeingoa, eta asteburu borobila izan da zaleentzat. Karmen Eguneko finalaurrekoetan zein atzoko finaletan Uni bete dute, eta punta-puntako pilotarien jokoaz gozatua hartu dute. Partidu gosez zeuden, eta asebete dira.
Arbek eta Lopezek barikuan [uztailak 16] lortu zuten finalerako txartela. Goikoetxea eta Zabalaren kontra 11-15 eta 13-15 nagusituta sartu ziren final handian. Beaskoetxea eta Lekerika ziren iazko txapeldunak (Hormaetxea eta Lopezi irabazi zieten), baina Arbek egin beharrekoak ondo eginda, eta Lopezek aparteko maisutasuna erakutsita, titulua bereganatu zuten. Pilota lezio paregabea eman zuen zumaiarrak.
Arberentzat bere kirol ibilbide profesionaleko bikotekako garaipenik garrantzitsuena da, eta etxean lortu du gainera. Finalaurrekoan zein finalean txukun aritu da, eta gehiegi arriskatu barik.
Bi estilo desberdin dituzte, eta egungo bi atzelari onenetarikoek ikuskizun ederra eskaini zuten, lehia polita.
Partidu serioa jokatu zuten 1. mailako bikoteek atzo. Piloteatutako tantoak izan ziren hasieratik. Txapa-gainekoak, pikatuak, horma-bikoak, txulak, erreboteak… Tanto ikusgarriak egin zituzten, eta bi bikoteen arteko lehia estuaren adierazgarri dira lehen seteko berdinketak. Hamarna arte hainbat berdinketa egon ziren. Seinako berdinketan Lopez erori egin zen, eta aldageletara joan beharra eduki zuen. Orkatilean min hartu zuen finalaurrekoan, baina ez zen ezustekorik gertatu. Hamarnako berdinketaren ostean, hiru pilota erraz huts egin zituen atzelari zumaiarrak. Baina, bere buruarengan sinisten duen pilotaria da, eta urduri jarri barik, aurrera egin zuen. 14-12 aurretik jarri zen bikote gernikarra, eta hamalaunako berdinketaren ondoren, azken tantoa ederra izan zen, publikoaren txalo zaparrada eragin zuena.
Bigarren set-ean Beaskoetxea eta Lekerikak aurrea hartu zuten, baina hiruna eta launako berdinketak etorri ziren jarraian. Gero, bizpahiru puntuko errentagaz mantendu ziren Arbe eta Lopez. 8-10eko markagailuagaz, bazirudien gernikarrek aukeraren bat edukiko zutela, baina Lopezek gauzak bere lekuan ipini zituen. Lekerika arriskatu egin zen, baina txanpona ez zitzaion alde erori.