Muruetan lehenengoz entzungo dira organoen doinuak
Lumon hasiko dute bihar Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa. 18. urtez antolatu dute aurten, eta 11 emanaldiz gozatzeko aukera egongo da. Busturiko Axpeko Andra Mari elizan organoa eta perkusioa nahastuko dituzte.
Lumoko organoaren kontzertuagaz hasiko dute bihar Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa. Aurtengo zikloan, lehenengoz, Muruetan ere entzun ahalko dira armonioaren doinuak, eta Busturiko Axpeko Andra Mari elizan organoa eta perkusioa nahastuko dituzte.
Ondare kulturala kontserbatzeko, berreskuratzeko eta musikagaz gozatzeko antolatutako Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloa hamazortzigarren urtez egingo dute aurten. Abuztuaren 15era bitartean, hamaika emanaldi eskainiko dituzte hain zuzen. “Aurtengo jaialdia COVID-19agatik hildako pertsona guztiei eta iazko martxotik birusaren aurka lanean aritu diren pertsona guztiei eskaintzea erabaki dugu”, azaldu du Benantzi Bilbao organo-jotzaile eta ekimenaren zuzendariak.
Aurtengo ekitaldiak garai guztietako errepertorioa erakutsiko du, izan ere, aukeratutako udalerriek garai guztietako instrumentuak batzen dituzte. Busturiko Axpen XVIII. mendeko estilo klasikoko instrumentu bat dago, eta Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon eta Ibarrangelun sei organo erromantiko oso berezi daude. Horri guztiari 1850ean eraikitako Arratzuko harmonium ederra gehitu behar zaio, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bakarra dena bere antzinatasunagatik. Ibarrangeluko organoa ere aitatu du Bilbaok, “eskualdeko organorik bitxi eta berezienetako bat” delako.
Lehen mailako protagonistak. Aurtengoan ere, goi mailako protagonistak hurbilduko dira Busturialdera. Javier Artigasen presentzia nabarmendu du Bilbaok: “Guretzat dagoen musikorik handiena da”. Steafano Pellini, eta Ana Belen Garcia ere aipatu ditu, baita Pedro Esteban ere: “Ez da inoiz etorri. Esteban perkusio-jotzaile ezaguna da, oso ona. Urtero zerbait desberdina egin gura izaten dugu, eta auten organoa eta perkusioa batuko ditugu Busturian”. Atsuko Takana japoniarraren presentzia ere azpimarratu du ekimenaren zuzendariak, eta Gernika-Lumoko Andra Mari elizan ariko dela zehaztu du. Ugo Spanu berriz, Sardiniako katedraleko organo-jotzailea da eta Bermeon ariko da. “Programa itzela daukagu, benetan polita”, dio, eta organo emanaldietan euskal musikaren presentzia ere egongo dela gaineratu du, “euskal kulturari balioa emateko”.
2004. urtean abiarazi zuten Urdaibaiko organoen kontzertu zikloa, “organoak berritzeko eta balorean jartzeko asmoz”. Ordutik, zazpi organo handi berritu dituzte, eta hori dela hain zuzen, kontzertuak ematen jarraitzeko arrazoi nagusia esan du. “Aurten Lumoko organoa berritu da, eta berriro joko du lehenengo aldian bezela. Organo oso berezia da, eta hori zaharberritzea benetan itzela da guretzat”, adierazi du Bilbaok. “Urtez urte, Urdaibaiko musika tresnak zaharberritzen ditugu, eta hori oso garrantzitsua da ondarea kontserbatzen jarraitzeko; izan ere, kasu askotan, udalerri edo eleiza hauek ez lirateke gai izango duten musika tresna zaharberritzeko. Aurten plazer handiz ospatuko dugu Lumoko San Pedro eleizako organoaren zaharberritzea”.
Hurrengo urteetan, Nabarniz, Ereño eta Muxikako organoak zaharberritzea dela asmoa aurreratu du Bilbaok, baina “zaila” dela dio: “Parrokiekin eta udaletxeekin harremanetan gabiltza saiakerak egiten”.
Hazten doan jaialdia. Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaileak Urdaibaiko organoena hazten doan jaialdia dela dio: “Pandemiak eragindako oztopoak oztopo, jaialdiak adin nagusitasuna beteko du aurten. 18 urteren ondoren, ilusioz beteta jarraitzen dugu, hazten jarraitzen dugu, gure eskualdeko musika ondarea mantentzen, berreskuratzen eta berataz gozatzen. Urtetik urtera gero eta udalerri gehiagok parte hartu nahi dute Europako organo jaialdi garrantzitsuenetako bat den honetan”. Azken bi hamarkadetan “lan nekaezina” egin dutela dio Ansotegik, eta urtetik urtera ikusle kopuruak “nabarmen” egin duela gora azaldu du. “Toki administrazioek estimu berezia diote jaialdiari, balio izugarria duen ondarea babestu eta kontserbatzen duelako”, gaineratu du.
Mikel Etxebarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur saileko zerbitzuburuak uste du ekimen honek “berezitasun onak” dituela, eta ekarpen interesgarri asko egiten dituela: “Maila handiko ekimena da, kalitatezkoa. Ondarea berreskuratzea du helburu eta hori balioan jarri eta gizarteratu egiten du. Euskaldunon sustraiak zeintzuk diren ere gogorarazten dizkigu, historia eta kultur ekarpena egiteaz aparte”. Halaber, kultur eskaintza herri txikietara daramala azpimarratu du: “Lurralde oreka bultzatzen du ekimenak, Bizkaiko herri txiki askotan ere zabaltzen delako zikloa”.
Gainera, ekimenak kultura lurraldearen garapenerako “beharrezko tresna dela” erakusten duela dio: “Lurraldea garatzeko balio du, elkarlana sendotzen du, eta kultura eremu segurua dela erakusteko baliagarria da”.
Kontzertuak
Bihar. Gernika-Lumoko San Pedro elizan, 20:00etan. Iñigo Peque.
Uztailak 24. Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan. Stefano Pellini.
Uztailak 25. Gernika-Lumoko San Bartolome Mertzede parrokian, 20:00etan. Ana Belen Garcia.
Uztailak 26. Busturiko Axpeko Andra Mari elizan, 20:00eta. Jose Luis Echechipia.
Uztailak 29. Bermeoko San Frantzisko elizan, 20:30ean. Antoni Ura eta Ugo Spanu.
Uztailak 31. Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, 20:00etan. Atsuko Takano.
Abuztuak 1. Arratzuko Santo Tomas elizan, 20:00etan. Carmina Sanchez, Victor Cruz eta Pablo Marquez.
Abuztuak 7. Busturiko Axpeko Andra Mari elizan, 20:00etan. Pedro Estevan eta Benantzi Bilbao.
Abuztuak 8. Ibarrangeluko San Andres elizan, 20:00etan. Angel Montero.
Abuztuak 14. Muruetako Andra Mari elizan, 20:00etan. Olatz Saitua eta Benentzi Bilbao.
Abuztuak 15. Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan. Javier Artigas.