"Bermeok atunaren munduan duen pisua aitortu gura dugu"
Herriko enpresa Bermeo Tuna World Capital egitasmo barruko jardueretan buru-belarri dabil lanean, kontserberen errealitatea erakutsiz eta atunaren balioa azpimarratuz .
Lehenik eta behin, zorionak zuon 100. urteurrenagatik; mende batek, industria honetan, aldaketa asko dakartza?
Aldaketa itzelak, bai. Nik 21 urte daramatzat, baina, lantegian, badira urte piloa daramatzaten eta eraldaketa ugari bizitako beharginak.
Herri mailatik abiatuta, garai berrietara moldatzen jakin duzue, zelan eboluzionatu du sektoreak?
Gure enpresa, duela mende bat, familia mailako enpresa txiki biren batasunetik sortu zen: Campos eta Astorkiza. Sasoi haietan, bestelako moduak zeuden lanerako: kanpainaka funtzionatzen zuten; guk, orain, modu erregularrean egiten dugu lan, kanpainak oso presente ditugun arren. Teknologiak ere aurrerapenak ekarri ditu, denbora ekonomizatzeko. Langileen eta produktuaren segurtasunak ere izugarri egin du hobera. Dena dela, prozedura, funtsean, berbera da: arraina ebaki, egosi, potoetan sartu, ondu eta esterilizatu. Hori da betidanik egin den katea, baina gaur egungo metodoekin bide mekanizatuagoa da.
Aurten, urteurren opari legez, sari oso berezia jaso duzue: Europarc-en ‘Turismo Jasangarriaren Europear Karta’. Zer suposatzen du horrelako aitorpen bat jasotzeak?
Sekulako ilusioa egin digu eta eginiko lanaren emaitza dela deritzogu. Pozarren ibili gara beharrean, bai Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarako Patronatuagaz, bai gainontzeko enpresa sarituekin. Urdaibaiko turismoa jasangarritasunaren arlotik planteatzea zerbait beharrezkoa dela uste dugu eta horretarako sartu ginen proiektu horretan.
Lekuko lanpostuak eta gure produktua defendatu behar ditugu
Jasangarritasunagaz jarraituz, MSCren ziurtagiria ere baduzue, atunaren arrantza eta tratamendu arduratsuagatik eman zaizuena; hori urrats potoloa da zuon ibilbidean, ezta?
Itzelezkoa. Estatu mailako lehenengo enpresa izan ginen titulua jasotzen. Zigilu horrek arrainaren jasangarritasuna, tratamendu egokia eta kontsumo arduratsua bermatzen ditu eta balore horiek, hain zuzen, gure izaeraren agerkari ere badira. Hortaz, oso harro gaude aitorpen horren baitan egoteaz
Tunidoen arrantzari dagokionez, Bermeo Tuna World Capital egitasmoaren partaide zarete, zelako esperientzia da hori?
Ekimenaren fundazioko partaideak gara eta atunaren munduan Bermeok duen pisua aitortu gura dugu. Herriaganako zelanbaiteko konpromiso bat sentitzen dugu, atuna bertoko sustraien zati delako.
Atunaren katean sartuta dauden enpresa piloagaz egiten dugu lan: arrantzaleak, kontserberak, saltzaileak, auxiliarrak, jatetxeak, lonjak… Hori dela eta, ez da harritzekoa mundu mailan arrantzatzen diren atun tropikalen %10 Bermeogaz lotutakoa izatea. BTWC aterkiaren azpian, askotariko jarduerak daude eta guk herritarrei aktibokiparte hartzera gonbidatu gura diegu, bermeotarrak harro senti daitezen.
Joan gaitezen produkzio prozesura: zelan aldatu dira kontserba industrietako ekoizpen bideak?
Prozesua berbera da, baina mekanizazioak aurrerakuntza nabarmenak ekarri dizkigu. Segurtasunaren bermea aipatuko nuke: beharginak arestian baino askoz ere babestuago daude lanean eta, gainera, haien ekina lehen baino ikusgarriagoa da publiko zabalarekiko, horrek beregain dakarren asebetetzeagaz.
Betiko metodoa dugu, baina teknologiaren prozedura hobeketekin
Uztailaren 14an, ‘Tuna Tasting’ ekimenean hartu zenuten parte, zertan oinarritu zen?
BTWCek herriko kontserba lantegiak gonbidatu zituen, herritarrekin era askotako aktibitateak egiteko. ‘Tuna Tasting’ jardunaldiaren helburua gure funtzionatzeko era aditzera ematea da: zelan egiten dugun behar, gure gremioa zertan oinarritzen den, zein modutan tratatzen ditugun gure produktuak, nondik gatozen, zelan joan garen eboluzionatzen… Azalpenez gain, Madaixaganme jatetxeko lantaldearen kolaborazioa izan genuen; pintxo tailer bat atondu genuen, eta bertaratutakoek atuna ardatz hartutako pintxoak egiten ikasi ahal izan zuten. Gainera, saioaren amaieran, pintxook dastatzeko aukera bikaina ere eduki zuten ikusle guztiek. Azken batean, koronabirusaren kontuak ate irekien jardunaldiak egitea galarazi digunez, jardunaldiok beste modu batean eta babes neurri guztiekin burutzea bilatu dugu.
Sektore honetako protagonistak, tradizioz, emakumezkoak izan dira; oraindik ere genero arrakala hori existitzen al da?
Egia da kontserba industriena emakumeen eremua izan dela antzinatik, portua bezala, gizonak itsasoan zeudelako. Dena dela, fabrika barruko zenbait funtzio (salmenta arduraduna, elektrikaria, mekanikaria edo latorrigilea) ere, betidanik, gizonezkoek burutu dituzte. Gaur egun, baina, lana ez da hain estazionala, erregularragoa da; beraz, katean geroz eta gizonezko gehiago topatu daitezke eta tradizioz gizonezkoek egindako lanetan, ostera, hasi dira emakumezkoak agertzen. Adibidez, gaur egun, badakit solairu arduradun asko eta asko emakumeak direla.
Hori bai, aitortzen dut 21 urtetan ez dudala sekula emakumezko elektrikari edo latorrigilerik. Beraz, rol batzuek bere horretan diraute oraindik, baina esan liteke tendentzia genero arteko aldeak orekatzea dela, orokorrean.
Etorkizunera begira, zein erroka aurreikusten dituzu?
Lehen aipatutako jasangarritasunaren gaiagaz aurrera egin gura nuke; kontsumitzaileak modu fisikoan ikusten ez duen lana baloratzera heldu behar gara, ikusgarriago bihurtzeko. Lekuko lanpostuak eta gure produktua ere mantendu behar ditugu, mundu mailako konpetentzia zorroztu egin delako.