30 urte euskal kultura zabaltzen
1991ko uztailaren 31n zabaldu zuten Euskal Herria museoa, eta 30. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu etzitik hilaren 31ra bitartean. Euskal ohitura eta kultura zabaltzen jarraituko dute.
Gernika-Lumoko monumentu gunean, Batzarretxearen eta Gernikako Arbola sinbolikoaren ondoan dago Euskal Herria Museoa. 1991ko uztailaren 31n ireki zituen ateak, eraikina kokatuta dagoen inguruaren esanahi emozional, historiko eta politikoa ezagutarazteko helburuagaz, eta zeregin horretan 30 urte beteko ditu bi aste barru.
1733koa da museoa kokatuta dagoen eraikina, Montefuerte edo Alegria jauregia bezala ezaguna. Bizkaiko Foru Aldundiak jauregia bera eta bere lorategiak eskuratu zituen 1982an, eta zaharberritze eta egokitze lanetan urteak eman ondoren, Euskal Herria Museoa eta Europako Herrien Parkea zabaldu zituen.
Ordutik hona, hogeita hamar urtez jarraian, Euskal Herria Museoak bere misioari eutsi dio, “eboluzionatuz, haziz eta garai ezberdinetara egokituz“. Hala dio Leire Irazabal museoko arduradunak. Dioenez, garaian garaiko aldaketak egin ditu museoak: “Museoa garai ezberdinetara egokitu da urtez urte. 1991an Leopoldo Zugazak diseinatutako erakusketa klasikoagaz zabaldu zen museoa, baina ordutik hona asko aldatu dira jendearen beharrizanak eta bisitarien nahiak”. Hala, 1997an aurten jubilatu den Felicitas Lorenzok zuzendari kargua hartu zuenean, museoaren erakusketa egonkorra aldatzeko beharrizana ikusi zuten, eta ikerketa bat abiatu zuten jendearen beharrizanak ezagutzeko. Ondorioz, erakusketa berri bat sortu zuten 2006an, “museoa goitik behera eraldatu” zuena. “Gaiak mantendu ziren, baina gauza berriak ere jorratzea erabaki zen. Izan ere, herritarrek euskal gastronomia edota euskal ohiturak lantzeko beharra ikusi zuten”. Halaber, ikus-entzunezko proiekzioak lantzea erabaki zen: “Ordura arteko erakusketa klasikoa interaktiboa bihurtu zen”. Hori da gaur egun ere museoan ikus daitekeena, baina berrantolaketa bat egiteko gogoa dutela aitortu du Irazabalek: “2006an modernoa zena gaur egun atzeratuta geratzen hasi da, eta aldaketaren edo berrantolaketaren bat egon daiteke”.
Euskaldunen historia
Museoaren misioak, baina, berdina izaten jarraituko du. Museoaren izenak berak dioen bezala, euskaldunen kultura lantzea bilatzen duelako: “Museo honek euskaldunon historia eta esentzia zein den erakusten du. Gure misioa Euskal Herria zer den ezagutaraztea da, baita bere sorrera dibulgatzea, bertako habitatak zelan sortu ziren kontatzea eta hortik aurrera zelan antolatzen garen erakustea. Hori da museoak azaldu gura duena, arlo ezberdinak landuta: historia, kultura, folklorea”.
Helburuak dibulgazioa ematea eta ondarearen kontserbazioa sustatzea dira. “Museo guztiek legez, dibulgazioa bilatzen dugu, baina baita ondarearen kontserbazioa, adkizizioa, edota bisitariekin dugun hartu-emana sustatzea ere”, dio Irazabalek. Izan ere, bilduma partikularretatik datozen piezen dohaintzak eta lagapenak oinarrizkoak izan dira museoko erakusketa iraunkorra aberasteko eta osatzeko. Museoak 30 urtez egin duen “funtsezko” beste lan bat ondarea zaintzea dela dio Irabazalek: “Behar izan denean, esku-hartze, zaharberritze edo tratamenduen bidez pieza asko konpondu dira, behar bezala kontserbatzeko. Museo honek beti izan ditu pieza oso garrantzitsuak eta originalak”.
30 urtetan, hiru solairutan banatutako museoan, aldi baterako 110 erakusketa egon dira. “Aldi baterako erakusketek, erakusketa egonkorra osatzen dute. Esaterako, artista euskaldunen obrak jaso dira urte luzez Xabier Saez de Gorbea komisarioagaz”, dio Irazabalek. Euskal artean aditua zen bera, eta beragaz Los Gernika de… bilduma jorratu zuten. Hala, bonbardaketa euskal artista desberdinek zelan landu zuten ikusi ahal izan zen bederatzi urtez. Nestor Basterretxearen edota Oteizaren lanak ikusgai jarri ziren, besteren artean.
110 bilduma horietako 50 inguru, baina, Euskal Herria Museoak propioki sortutakoak dira. Emakumezkoen lanari balioa eman gura izan diote bilduma askotan. “Museoan daukagun beharrizan eta helburua da emakumeen lana ezagutaraztea. Izan ere, askotan ikusi da emakumezkoen lanak ez direla horrenbeste plazaratu, gizonezkoekin alderatuta”, dio Irazabalek. Ahalegin honen barruan 1998tik hasita, artista ugarik euren lana erakusteko aukera eduki dute: Dora Salazar, Gemma Intxausti, Sonia Rueda, Lide Kaltzada, Mabi Revuelta eta Merche Perizek, besteak beste. Aipatzekoa da, baita ere, 2013an erraketistak ezagutzera emanez Euskal Herria Museoan sortu eta ekoitzitako Emakumea eta euskal pilota erakusketa.
30.urteurrena
Urte luzez egindako lan hori guztia ospatu gura izan dute museoko arduradunek aurtengoan, eta “erromeria baten moduko” ospakizuna antolatu dute, etzi hasi eta uztailaren 31an amaituko dena. Emakumezkoen herri kirolekin hasiko dira ekitaldiak etzi, eta familia tailerrekin, bertso saioagaz edota lorategitik ibilaldi bat eginez jarraituko dute abuztuaren 31ra bitartean.
Azken egun horretan, Gu Agustina ikuskizunak amaiera emango dio 30. urteurreneko programazioari. Errenteriako Ereintza dantza taldearen musika, bertso eta koreografiaren bidez emakumeak euskal pilotaren jokoan duen zeregina erakutsiko da. Maddalen Arzallusek ahotsa jarriko dio Agustina Otaola erraketistari ikuskizun bizi eta dinamiko horretan.
Ekitaldietara joateko hitzordua hartzea gomendatzen da, 94-625 54 51 telefonora deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.
Elkarlana
Urteurreneko ekitaldi horiek guztiak museoak herriagaz eta herriko taldeekin duen elkarlanaren ondorio dira. “Lehen museoak leku itxiak ziren, artisten lanak jasotzen zituztenak. Baina hori asko aldatu da. 2006an programa pedagogiko berria sortu genuen, eta ordutik aurrera tailerrak zein kontzertuak antolatu ditugu, eta adin zein publiko guztientzako hitzaldiekin jarraitu”.
Museoak elkarlan asko egin ditu inguruko agente desberdinekin; besteren artean, Jai Alai, Segundo Olaeta Musika Eskola, ikastetxeak, Turismo Bulegoa eta Juntetxeagaz aritu dira elkarlanean, eta hala jarraitzeko asmoa dute.
Aurrera begira, Irazabalek dio beti dagoela zerbait egiteko: “Kanpotik ez da ikusten, baina erakusketa baten atzean lan handia dago. Piezak, artelanak… jaso, euren egoera aztertu, fitxa egin, ikertu… Egin beharreko gauza asko daude, baina horretan jarraituko dugu”.
Egitaraua
Etzi. 12:30ean, herri kirol erakustaldia.
Uztailak 20. 17:00tan, euskal kultura jokoan batuko dira museoan (jolasak familian).
Uztailak 22. 17:00etan, kartografia jolasak familian.
Uztailak 23. 18:00etan, udako paseoa lorategitik.
Uztailak 27. 17:00etan, euskal basoen historia (jolasak familian).
Uztailak 29. 17:00etan, Zu margolari umeentzako jolasak (jolasak familian).
Uztailak 30. 19:00etan, bertso saioa Lilibertsoren eskutik.
Uztailak 31. 18:00etan, Gu Agustina! ikuskizuna.