Zesta puntaren katedralera bueltatuko da Grand Slama
Gernika Jai Alai Grand Slam torneoaren ligaxka uztailaren 24an hasiko dute. Abuztuaren 14an finalaurrekoak lehiatuko dituzte, eta abuztuaren 16an finala.
Zesta eta musika, Jai Alai & Music formatuari eutsiz itzuliko da Grand Slama Jai Alai frontoira. Iaz ezin izan zuten Gernika-Lumon jokatu, eta ikuskizuna emateko gogotsu daude zesta puntaren maisuak.
Gernika Jai Alai Grand Slam torneoaren ligaxka uztailaren 24an [zapatua] hasiko dute. Abuztuaren 14an finalaurrekoak lehiatuko dituzte eta abuztuaren 16an, San Roke egunez, finala.
Sei bikote, multzo bitan banatuta ariko dira ligaxkan. Hauek dira A multzoko bikoteak: Barandika-Lopez, Goikoetxea-Etxeto eta Olharan-Aldazabal. Eta B multzoan hauek daude: Erkiaga-Lekerika, Beaskoetxea-del Rio eta Hormaetxea-Zabala.
Uztailaren 24an eta 31an eta abuztuaren 7an lehiatuko dituzte ligaxkaren sei partiduak (bi egun bakoitzean, multzo bakoitzeko bana).
2019ko txapeldunak dira Beaskoetxea eta Lopez, 2018an txapeldun izandako Goikoetxearen eta Lekerikaren kontra nagusitu ziren. Diego Beaskoetxeak Julen del Rio gasteiztarragaz jokatuko du: “Pilotari gaztea da, eta oso ondo jokatzen dabil urte osoan. Beretzat lehenengo torneo handia izango da, eta ea lasaitzea lortzen dudan, eta asko laguntzen diodan. Uste dut lehenengo partidua irabazten badugu, aukerak edukiko ditugula”
Pilotari guztiak “maila handikoak” direla azpimarratu du gernikarrak, eta Erkiaga eta Lekerika faborito ikusten ditu. “Hor ibiliko gara, eurak edo gu, eta Hormaetxeak ere egun ona badauka, lana emango die aurkariei. Partidu oso zailak izango dira, eta lehenengo partidua oso garrantzitsua izango da”. Domeka honetan Lekerikagaz ariko da Markina-Xemeingo Masterraren finalean: “Partidu gutxiago jokatzen nabil, apur bat zaintzen. Markinako finala irabaziz gero, uste dut moral gehiagogaz etorriko naizela hona, eta ea txapelketa on bat egiten dugun”.
AEBetatik bueltan, Euskal Herrian jokatu dituen partiduetan “sentsazio onekin” aritu da Unai Lekerika: “Kinielekin konparatuta, partidu hauek beste mundu bat dira. Fisikoki eta mentalki ere beste prestaketa bat behar dute”. Partidu onak egin, eta finalean sartzea da bere helburua. Erkiagagaz “torneo serio eta on bat” egin ahal duela uste du: “Erkiagagaz jokatu dudan denetan oso gustura ibili gara. Bikote ona osatzen dugu, ezagutzen gara eta komunikazioa ona da gure artean”.
Barandika-Lopez bikotea faborito ikusten du, “bikote oso indartsua” dela, eta aurkari gogorrak izango direla nabarmendu du atzelari gernikarrak. “Ea torneo ona egiten dugun. Bi multzoak oso konpletoak dira. Pasadan urtean ezin izan genuen jokatu, eta berriro herrian, lagunen eta familiakoen aurrean jokatzea ohore bat da, oso pozik nago”.
Xabi Barandikak denboraldi bikaina egin du Danian, eta “gogoz” dago: “Aurten aurreko urteetan baino hobeto aritu naiz bertan. Hangoa maratoi bat bezalakoa da, eta aurten, agian, indarrak hobeto neurtu ditut, eta denboraldi ona egin dut. Han kinielak jokatzen dira, eta hemen, partidu formatura bueltatzean, apur bat gaitzagoa egiten zaigu. Bi urte egon gara Gernikan, publikoagaz jokatzeko itxaroten. Iaz COVIDagatik ezin izan genuen hemen jokatu. Bai pilotariok eta baita publikoa ere gogo askogaz gaude, frontoira etortzeko desiatzen”. Aforoa beteko delakoan dago Barandika: “Uste dut ipinitako aforoa beteko dela; pilotariok ez daukagu dudarik”.
Aurten “bikote oso gogorrak” daudela zehaztu du aurrelari gernikarrak: “Bikoteak nahikoa orekatu dituzte, eta uste dut txapelketa polita irtengo dela. Ligaxkaren ondoren, finalaurreko gogorrak egongo dira, eta uste dut puntako finala izango dela”.
Sarrerak. 600 ikusleko aforoa daukate aurten. Gaurtik sarrerak eskuratu daitezke Gernika Jai Alai Professional-en webgunean. Partidu bakoitzerako sarrerez gain (10 euro), partidu guztietarako bonoa erosi daiteke, eta denboraldiko bazkide txartela ere bai (Grand Slamaren eta Urriko Masterraren partiduetarako).
LIGAXKA:
*Uztailak 24, zapatua
- A TALDEA: Barandika-Lopez VS. Goikoetxea-Etcheto
- B TALDEA: Beaskoetxea-del Rio VS. Erkiaga-Lekerika
*Uztailak 31, zapatua
- A TALDEA: Goikoetxea-Etcheto VS. Olharan-Aldazabal
- B TALDEA: Erkiaga-Lekerika VS. Hormaetxea-Zabala
*Abuztuak 7, zapatua
- A TALDEA: Barandika-Lopez VS. Olharan-Aldazabal
- B TALDEA: Hormaetxea-Zabala VS. Beaskoetxea-del Rio