Busturialdea, elkarlanetik proiektua hazten eta sendotzen
Bi kluben arteako elkarlanaren fruitua da KAE 2 Ligako Busturialdea arraun taldea. Gazte eta beteranoz osatuta, gogor lanean ari dira, estropadaz estropada lehian ilusioz beteta.
Denboraldiz denboraldi, estropadaz estropadaz, paladaz palada hazten eta sendotzen ari den proiektua da Busturialdea. KAE 2 Ligan lau jardunaldi lehiatu dituzte momentuz, eta orain artekoei modura, aurrerantzean jokatuko dituztenei ere gogoz eta ilusioz aurre egingo diete eskualdeko arraunlariek.
Elantxobeko eta Mundakako kluben arteko elkarlanaren fruitua da Busturialdea, eta proiektuaren hirugarren urtea da honakoa. Aurreko bi urteetan Asier Arego eta Iker Goikoetxea aritu ziren prestatzaile moduan; orain, baina, biak traineru barruko lanean soilik zentratu dira. Patroi lanetan ari da Arego, eta Goikoetxea arraunlaria da. Luis Salvador da egungo entrenatzailea, eta Ander Zabala prestatzaile fisikoa.
Ligan lau jardunaldi lehiatu dituzte, eta Busturialdea legez ari direnetik lehenengo bi banderak irabazi dituzte. 2. jardunaldian etxeko, Elantxobeko, bandera astindu zuten, eta aurreko zapatuan Donostian estropada irabazteaz gain, lidergoa lortu zuten. “Hankak lurrean ditugun bi arraun talde txiki gara. Momentu gogorrenetan aurpegi ona erakutsi dugu, eta lanean jarraitu dugu gaur egun bizi ditugun momentuak bizitzeko. Orain berdin jarraituko dugu, datorren ona disfrutatuz, eta momentu txarrei aurpegi ona eta positiboa ematen, etxeko lanak ondo egiten jarraitzeko. Ez gaude itsututa”, dio Goikoetxeak.
Orain dela bi urte ehuneneko gutxigatik Hondarribiako bandera lortu barik geratu ziren, “penagaz geratu” ziren: “Ea aurten arantza hori kendu ahal dugun han. Emaitzak hor daude; lehenengo bi ikurriñak lortu ditugu, eta poz-pozik gabiltza. Izugarria izan da”.
Txanda nagusian ibiltzea espero zuten, aurrean ibiltzea zen helburua: “Neguan lan itzela egin dugu, taldea indartu dugu. Entrenatzaile berriak diziplina zorrotza eta gogorra jarri digu. Neguko lana eta estropadak zelan joan ziren ikusita, estropadetan ahalik eta emaitzarik onena ateratzea eta txanda nagusian ibiltzeko helburua geneukan, eta hortik aurrera datorrenari aurre egitea”.
Iker Goikoetxea Bilbao (arraunlaria): “Taldea indartu dugu, eta emaitzak hor daude, baina ez gaude itsututa”
Lan gogorra egin dute neguan, eta arraunlari berri batzuk ere batu zazkie aurten. “Iazko lanak ere nabaritu dira. Blokea indartuta geneukan, eta azkenengo puntadekin aurrean dabilen trainerua daukagu; pozik gaude”.
Portugaletegaz 35 puntugaz berdinduta daude sailkapenean. Lidergoari eustea da erronka.
Arraunlari mundakarraren berbetan, estropadaz estropada ahalik eta lan onena egitea da garrantzitsuena. “Egin behar duguna da gure lana ondo atera, eta gero gerokoak. Gurea ondo egiten badugu, pozik geratuko gara, emaitzari asko begiratu barik. Estropada bakoitzean ahalik eta errendimendu onena ateratzea, dakigun arrauna ateratzea da asmoa. Badakigu Portugalete sekulako taldea dela, eta baita Hondarribia ere–hirugarrena da 29 puntugaz–. Donostiarrak ere estropada onak ateratzen ditu, eta baita Mutrikuk ere. Estropadaz estropada joan behar dugu lehen postua borrokatzera, baina asmo handiagorik barik; ez dugu ligarekin itsutu nahi”.
Ligan lau estropada jokatu dituzte, eta beste zortzi jardunaldi lehiatuko dituzte. “Liga txikia da estropadei dagokienez. Estropada gehiago ez edukitzearen pena daukagu. Momentuz asteburuko estropada bat egiten gabiltza, eta eskas samar gelditzen da. Normalean, talde bakoitzean hogei bat arraunlari gaude, eta hamahiruk egiten dute arraunean. Aldaketak egiten gaude, eta maila antzeko bat mantentzen”.
Gazteak eta beteranoak bat eginda, gogotsu ari dira, ilusioz. Talde “indartsua” da Busturialdea: “Gazteek txispa ematen digute, eta beteranook lasaitasuna. Momentu bakoitzean behar den lasaitasun hori eman guran aritzen gara. Momentuz oso pozik gaude, eta ea horrela jarraitzen dugun”.