Tunidoen arrantza jasangarriaren eta itsasoko zaporeen uztarketa egin dute
Bermeo Tuna World Capital egitasmoaren baitan eta Campos kontserba etxearen kolaborazioagaz, Tuna Tasting izeneko ekimena burutu dute, gaur, Bermeon.
Arrantza jasangarriaren oinarriak eta lekuko gastronomiarik onena lotu dituzte, gaur, Bermeoko Ertzilla Dorreko Arrantzaleen Museoan. Bermeoko udalerriak (gure kostaldeko beste zenbait herrigaz batera) atunaren arrantza zein prozesamenduan izandako garrantzia esanguratsua azpimarratzeko eta bere eragin zabala nabarmentzeko burutu da Tuna Tasting izeneko aktibitatea.
Ordu t’erdi iraun du BTWCek antolatutako jarduerak eta bi ataletan banatu dute egitaraua: lehenengo eta behin, Arrantzaleen Museoko solairu desberdinetan proiektuaren nondik norakoak azaldu eta atunaren arrantza jasangarriaren balioa norainokoa den argitu dute; ondoren, teorikoki erakutsitako produktuak eta eskaintza praktikara ekarri dituzte, hegaluze mendrezka oinarri izan duen pintxo tailerraren eta dastaketaren bitartez.
Bermeo, atunaren tenplua. Ondo jakina da Bermeo eta inguruak, betidanik, tunidoen arrantzagaz eta prozesamenduagaz oso estu lotuta egon direla; dena dela, jarduerara hurreratutakoak harrituta agertu dira arrantza mota horren nondik norakoak, xehetasunak eta datuak entzun dituztenean: Bermeoko herria, modu zuzen edo zeharkakoagoan, lotuta dago mundu mailako tunidoen arrantzaren %20agaz. Gaur egun, industria horretara bideraturiko 75 itsasontzi daude Bermeoko portuan eta, hain zuzen ere, euretako 50 atunontziak dira. Inguruko itsas portuetako kopururik handiena da bertakoa.
Datu adierazgarri bezala, gaur egun arrantzatzen diren tunidoen %10, gutxi gorabehera, Bermeon oinarritzen da. Enpresa kopuruari dagokionez, 15 kontserbera handietako 5 bertokoak dira. Azaldutakoen artean, besteak beste, tunidoak harrapatzeko arrantza teknika desberdinak ikusarazi dituzte. “Kazea” bidezkoa zaharrena da, duela 1.200 urte ingurukoa; ontziek kanaberak dituzte alde banatara eta haien muturrean, berriz, amu artifizialak. Arrainak amuotara hurbilarazteko, aldiz, mugimendua erabiltzen dute: itsasontziak etengabe aurrera egiten du. Gaur egun, baina, kanabera hidraulikoak edo amu naturalak baliatzen dituzte, teknika hobetzeko. Beste bidea Mediterraneo eta Afrikatik dator: atun tropikalak sare bidez inguratu eta modu masifikatuagoan harrapatzen dira, bertoko labela duen amu bidezko sistemaren ordez.
Kontserberen herria. Ekitaldiaren bigarren zatian, Bermeoko Campos kontserberako Aintzi Laburuk industria horren jatorria, egunerokotasuna eta lana plazaratu ditu. Laburuk azaldutakoen arabera, atunaren arrantza Erdi Aro ostean hasi zen Bermeon eta, 1353an, sektorea babesteko, lehenengo kofradia sortu zen, Bermeoko San Pedro; kofradiek botere handia izan zuten XIX. mendera arte.
Camposi dagokionez, 1921ean jaio zen, Campos eta Astorkiza familien batasunetik; oraintsu, Europarc-en Europear Ziurtagiria jaso dute, prozesamendu jasangarriagatik emana. Bestalde, atun arrantzaren erregularizazioaz ere mintzatu da: argitu du ozeano bakoitzak bere organo erregulatzaileak dituena; Kantauri Itsasoan, MSC eta ISSF dira erakunde arduradunak. Jarraian, kontserberen industriako kateak edo genero arrakala bezalakoak ere izan ditu ahotan.
Bukatzeko, bertaratutakoek mendrezkaz eginiko pintxoak dastatzeko parada bikaina izan dute, Madaixagane jatetxeko lantaldeak prestatuta eta bertoko produktuez lagunduta.