Irakaskuntza zentroetako euskara planak diruz lagundu ditu udalak
2020-2021 ikasturtean 45.300 euro bideratu ditu Euskara zerbitzuak irakaskuntza zentroetako euskararen normakuntza planak eta eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzeko.
Gernika-Lumoko Udalak irakaskuntza zentroetako euskararen normakuntza planak eta eskolaz kanpoko jarduerak diruz lagundu ditu 2020-2021 ikasturtean ere. Hain zuzen, 45.300 euro banatu ditu udalerriko irakaskuntza zentroen artean.
1990ean hasi eta etenik barik banatu ditu udalak eskolaz kanpoko jarduerak garatzeko diru laguntzak. Bestalde, 2004an hasi zen irakaskuntza zentroetako normalkuntza planetarako diru laguntzak bideratzen, Jaurlaritzako Hezkunza sailak finantzatutako Ulibarri programa eta udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa uztartu asmoz.
Aurten, baina, orain arte desberdindu egiten izan diren bi diru-laguntza horien deialdiak bateratu egin dira, irakaskuntza zentroekin adostuta eta Udal Eskola Kontseiluak hala erabakita. Hala, deialdi “sendoa” egin dutela dio udaleko Euskara zerbitzuak. “Ibilbide luzea izan da, baina hizkuntza normalizazioa bera aitzaki hartuta, deialdi biak bateratzea erabaki da, biek xede berberari eusten dietelako, euskara sustatu eta erabilera areagotu”, azaldu dute Euskara zerbitzukoek.
Laguntza jasotzeko baldintza bakarra irakaskuntza zentroetan Normalkuntza Plana onartuta izatea eta garatzea izan da, eta udalerriko heziketa formaleko zentro guztiek bete duten baldintza izan dela aurreratu dute: “Helduen Ikastegiak ere bete du aurtengoan, guztion poztasunerako”.
Deialdiaren araudiak finkaturiko irizpideen arabera, horrela egin da 45.300 euroko kopuruaren banaketa. Gernika BHI Institutuak 9.623,15 euro jaso ditu, eta 9.444,20 euro, berriz, San Fidel Ikastolak. Allende Salazar ikastetxeari 8.701,32 euro egokitu zaizkio, eta 5.971 izan dira Seber Altube Ikastolarentzako. Mertzede Ikastetxera 4.384,62 euro bideratu dituzte, 2.672,08 euro Barrutiara, 2.578,17 Barrutialde Institutura eta 1.925,46 euro izan dira Helduen Ikastegiarentzako.
Euskara zerbitzuak dioenez, zentro guztien aurrekontuen %45 inguru diruz laguntzeko aukera eman dutela diote, “kontuan izanda, erabilitako irizpideek zentro txikienak saritzen dituztela”.
75 egitasmo. Gernika-Lumoko udal arduradunek jakitera eman dutenez, aurtengo ikasturtean zentro guztietako 75 egitasmo diruz lagundu dituzte; iaz 61 izan ziren lagundutako jarduerak. “2019-2020 ikasturtean egitasmo kopuruan beherakada nabarmena izan zen, pandemiaren eragina tarteko. Baina aurtengo ikasturtean berreskuratu egin dugu pandemia aurreko maila. Hori zentroetan irakasleek egindako lan eskergari esker lortu da”, adierazi dute. Izan ere, 2018-2019an 70 izan ziren antolatutako egitasmoak, eta 77, berriz, 2017-2018 ikasturtean. Zehaztu dutenez, jarduera asko moldatzeko Internet eta sare sozialak izan dira soluzioa.
Hala, Euskara zerbitzuak aurten egindako lana eskertu die irakaskuntzako agente guztiei, bereziki irakaslegoari, “lortutako emaitzengatik”. Nabarmendu dutenez, dinamika hau ez zen posiblea izango Udal Eskola kontseilua bitartean ez balego, eta beren parte diren zentro guztien arteko elkarlana landuko ez balitz: “Irakaskuntza zentro guztiek erantzun diote urteroko deialdi honi aurtengoan ere, bakoitzak daukan Normalkuntza Plana besapean”.