"Herriko ekosistema kulturalean beste hazi berri bat da Haziberri"
Musika ikuskizunak modu jasangarrian antolatzearen alde egin dute Etxebarrieta eta Plazak Haziberri proiektuagaz. Gatibu eta Marenen kontzertuaz gozatu ahalko da bihar.
Ingurumena errespetatu eta zainduko duen kultur proposamena bultzatu dute Iñigo Etxebarrieta eta Oier Plaza gernikarrek. Haziberri proiektuak musika kontzertuak eskainiko ditu Europako Herrien Parkean, formatu berezian, eta eredu jasangarriari eutsiz. Lehenengoa bihar izango da, 19:30etik aurrera, eta Maren eta Gatibu ariko dira, formatu akustikoan.
Noiz eta zelan sortu zen Haziberri proiektua?
Iñigo Etxebarrieta: Aspalditik neukan ideia da Haziberri. Umetatik uste nuen Europako Herrien Parkea kontzertuak eskaintzeko leku ederra izan zitekeela. Agertoki perfektu modura eduki dut beti. Oier eta biok beti egon gara kultur arloko gauzak antolatzen herrian, baina ez era profesionalean, eta gogoa eduki dugu profesional modura holako ekitaldi bat antolatzeko. Orain bizpahiru hilabete erabaki genuen proiektua aurrera eramatea. Horretarako, Etz! Ideiak sortu dugu, jaialdia antolatzeko.
Oier Plaza: Gernikako ekosistema kultural aberatsean badago jende profesionala eta ez profesionala, eremu asko ukitzen dira, eta beste hazi berri bat da Haziberri, ekosistema kultural hori aberastera datorren proposamena. Beste aukera bat.
Jasangarritasunari eutsiz bultzatuko dituzue oraingoan musika eta kultura.
O.P.: Ez da jasangarritasunaren aldeko ekitaldi bat propioki, kontzertua da protagonista. Musika eta kultur ikuskizuna dira protagonistak, baina hori espazio natural batean egingo da, eta halako leku batek tokia errespetatzea eskatzen du. Guk lan egiteko modu horretan sinesten dugu.
Zein da helburua?
O.P.: Gure helburua da parkea errespetatzea, eta horrez gainera, hondakinak ez sortzearen alde egitea, nahiz eta ia ezinezkoa den hondakinak sortzen ez dituen jaialdia antolatzea; beti dago kalteren bat. Hortik abiatuta, hainbat neurri hartu ditugu: produktuak berrerabiltzea, gutxitzea edota jaialdia ingurunean integratzea. Hortik datoz artilezko sakuak erabiltzearen eta papera ez erabiltzearen ideiak. Barra ere berrerabilitako materialekin egin da, eta inguruko hornitzaileekin produktuak egongo dira.
Eserlekuak artileagaz eta kartela paperik barik. Zelan landu dituzue?
O.P.: Kartela Markel Urrutiak eta Biklikek egin dute. Markelek arte ikuspegi batetik landu du Haziberri. Biklikek, bestalde, euskarriak garatu ditu.
I.E.: Jaialdia antolatzen hasi ginenean lan ildo desberdinak aurkitu genituen, artilearena, esaterako. Zalantzak genituen ikusleak lurrean eseri behar izateagaz, ordu asko direlako eta belarra heze egoten delako. Aulkiak jartzea pentsatu genuen orduan, baina maldak daude, eta ez da leku aproposa horiek jartzeko. Halako batean, ohartu ginen artileagaz benetako arazoa dagoela. Baserritarrek ezin dute artilea saldu eta artileaz desegiteko ere ordaindu egin behar izan dute. Hala, artilea berrerabiltzea bultzatzen duten erakundeak daudela ikusi genuen, eta artilezko eserlekuak egitea pentsatu. Hala ere, aulkiak ere egongo dira, lurrean eseri ezin direnentzat.
Nondik lortu duzue artilea?
O.P.: Gai horri buruz informatzeko, Olabe proiektuko Joseba Attardegaz lan egin dugu. Berak esan zigun zelan lortu genezakeen artilea. Eurek zuzenean eman ahal ziguten, baina, beste alde batetik, Landa Garapenerako Elkarteek ere artilea kudeatzen dutela esan zigun, hondakin modura. Hala, Urremendigaz kontaktuan jarri ginen artilea lortzeko. Kasu berezia izan da, ze artileari buruz ikertzen ari dira, eta artile asko eduki dute gordeta, enpresa eta beste erakunde batzuek erabiltzeko. Artilea, beraz, garbia jaso dugu. Prozesuak pausoz pauso ikasteko balio digu. Existitzen diren mekanismoak zeintzuk diren ikusi dugu, eta horietatik eskuratu dugu azkenean artilea. Gero, auzolana etorri da.
Artilea eskuratu ostean, elkarlanean egin dituzue eserlekuak?
O.P.: Gu profesional modura ari gara lanean, baina inguruan daukagun jendearen laguntzagaz egin ahal izan ditugu artilezko zakuak. Biltegin egin da prozesua, han eduki dituzte-eta Bego eta Pili Urrutxuak bere sasoian jostun moduan lan egiteko erabiltzen zituzten makinak.
Kulturari lekua eskaintzea da Haziberrigaz bilatu duzuena.
O.P.: Gu kulturgintza profesionaletik gatoz, eta uste dugu horrelako jaialdi batek ekonomia bat sortzen duela. Guk hori oso argi daukagu. Izan ere, gure helburuetako bat da kultura arloak ekonomikoki inpaktu positiboa izatea eta pertsonak zaintzea. Gernikak oso ekosistema kultural polita dauka, dibertsitate handikoa, eta dibertsitate hori oso garratzitsua da guretzat modu duin batean lan egiteko. Haziberri kontzeptu edo ideia bat izan daiteke, baina lanean ari diren pertsonak eta ekosistemak herrian dagoen kultur aberastasunaren isla dira. Pertsona horiek barik ez zen posiblea izango hau aurrera eramatea.
Garai hauetan beharrezkoa da, gainera, kultura zaintzea.
I.E.: COVID-19a dela eta, zuzeneko ikuskizunetako sektorea txarto pasatzen ari da, eta uste dut egoera honek bizkortu egin duela kontzertua aurten antolatzea. Izan ere, ikusten dugu sektorea benetan larri dagoela. Gainera, parkean lehenengoz antolatzen den era honetako kontzertua da, eta koronabirusak proba bat izatea ahalbideratu du.
Hurrengo urteetan jaialdiagaz jarraitzea da asmoa?
I.E.: Haziberri urteroko jaialdia izatea da asmoa. Datorren urtean beste formatu batean antolatzea gustatuko litzaiguke, handiagoa izatea edota parkeko beste eremu batzuetara zabaltzea. Egun gehiagokoa izatea ere pentsatu dugu, baina hori aurtengo proba egin eta gero erabakiko dugu, parkeak eta jendeak zelan erantzuten duten ikusita.
Bidea zelakoa izan da? Zailtasunak izan dituzue?
I.E.: Egitea erabaki genuenean udalera joan ginen zuzenean, baimena eskatzeko. Baina ohartu ginen ez dela udalak kudeatzen duen lekua, BizkaiKOAk kudeatzen duena baizik. Ondorioz, proiektu bat garatu behar izan genuen, Haziberri zer den azaltzen.
O.P.: Hasieratik aldundiaren erantzuna positiboa izan da, eta ekonomikoki ere lagundu digute. Gu pozik gaude. Bai instituzionalki zein herri mailan, uste dut erantzuna positiboa izaten ari dela. Hiru egunetan sarrera guztiak agortu ziren. Hala ere, badaude faktore batzuk ez ditugunak kontrolatzen, koronabirusa, esaterako. Koronabirusak asko markatzen du gure antolatzeko era. Kontzertua antolatzeko normalean hogei pertsona beharko balira, orain 40 pertsona ariko dira. Ez da erraza, gauza gehiago kudeatu eta edukiera murritzagoa delako. Horrek suposatzen du teknikoki garatu gura duguna garatzeko sarrera gutxiago salduko direla.
Lehenengo kontzertuan, Gatibu eta Maren.
I.E.: Gatibuk euren errepertorioa kontzertu akustikoan eskaintzera moldatu du. Haziberriren ideia sortu zenean, kontzertu lasaia egiteko aukera ikusi nuen eurekin eta, gainera, gernikarrak dira. Baita Maren ere. Indarra hartzen dabil, eta Gernikan ez du halako kontzertu handirik eskaini. Aukera eman gura genion.