Bakearen Museoak bisita gidatuak eskainiko ditu udan
Udan ere bisita gidatuak eskainiko ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Hala, hiru ibilbide berri estreinatuko dituzte, eta horiez aparte beste lau izango dituzte aukeran bisitariek.
Gernikako hilerria: Gerra Zibilaren lekuko da ibilbide berrietako bat, uztailaren 23 eta 24an eta abuztuaren 6 eta 7an egingo dutena. Abuztuaren 12an eta 13an, eta irailaren 16 eta 17an, berriz, Gernikar emakumeak: XX.mendeko aldaketak euren bizipenen bidez izeneko bisita egingo dute. Bertan, XX. mendean udalerrian emandako eraldaketak emakumeen ikuspuntutik jorratuko dituzte.
Bi horiez gain, Bonbardaketa gerrako berri emaileen begietatik ezagutzeko aukera egongo da irailaren 18 eta 19an.
Bisita horiez gain, beste lau daude aukeran: Babesleku antiaereoak, Gernikaren Berreraikuntza, Monumentuak eta memoria eta Picasso eta Gernika.
Bisita guztietan parte hartzeko, aurretiaz izena emateko deia egin du Bakearen Museoak, eta hori 94-627 02 13 telefonora deituta edo museoa@gernika-lumo.net helbidera idatzita egin behar da.
Museoak gogoratu duenez, udako ordutegia dauka urriaren 17ra bitartean, beraz, museoa zabalik egongo da martitzenetik barikura 10:00etatik 18:00etara bitartean, eta zapatutik astelehenera, berriz, 10:30etik 16:00era arte.