Plazandreak txapelketan lidergoari eusten dio Arrizabalagaren taldeak
Atzo [uztailak 12] hasi zuten txapelketaren bigarren buelta, eta Arrizabalagaren taldeak jokoan zeuden hiru puntuetatik bi lortu zituen.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak, Nora Mendizabalek eta Madalen Etxegaraik osatutako Mikel Inuntziagaren taldeak Plazandreak txapelketan emaitza onak pilatzen segitzen du. Lehenengo bueltan lehiatutako sei puntuetatik lau lortu zituzten, eta lider amaitu zuten lehen itzulia. Atzo [uztailak 12] hasi zuten bigarren itzulia eta lidergoan sendotu ziren. Jokoan zeuden hiru puntuetatik bi eskuratu zituzten.
“Orokorrean txapelketa nahikoa txukuna egiten gabiltza. Lehenengo itzulia oso ondo joan zen, lehenengo postua lortu genuen, postu horretan jarraitzen dugu, eta batez ere, finaletik gero eta hurbilago”, esan du Arrizabalagak.
Atzo gaueko lehenengo partiduan, lau t’erdikoan, gernikarrak 9-12 irabazi zion Miren Larrarteri. Deseroso aritu zen gernikarra, eta txapelketa honetan lehiatu duen “partidurik eskasena” izan zela dio: “Nire partetik eskasena izan zen. Berak oso ondo jokatu zuen, ideiak oso argi zituela irten zen, nire jokoa egiten ez zidan utzi, eta berak berea egin zuen. Lehenengo jardunaldian nik nire jokoa egin nuen, eta berari ia ez nion utzi jokatzen. Partidu hura ikusita, uste dut berak txipa zeharo aldatu zuela. Ni ideia barik edo horri buelta zelan eman jakin ezinik gelditu nintzen, baina azkenengo momentuan lortu nuen buelta ematea, eta puntu garrantzitsu bat irabaztea”. Halako momentu txarrari buelta emateko gai izan zen, eta irabazi zuelako pozik badago ere, hurrengo buruz buruko partiduak hobeto jokatu beharko dituela argi dauka: “Aurrera egiteko hobeto jokatu beharko ditut”.
Beste behin, Arrizabalagaren sakea giltzarria izan zen garaipena eskuratzeko: “Buruz burukoan sakeak sekulako garrantzia dauka; saketik min egiten hasten bazara, puntu asko dituzu irabazteko. Nire puntu indartsuetako bat sakea da, eta horregaz diferentziak markatu ahal ditut”.
Ondoren, binakakoan, Arrizabalagak eta Mendizabalek 12-7 galdu zuten Bergararen eta Larrarteren kontra. Lehenengo partidua deseroso egon izanak eragin zion aurrelari gernikarrari. Buruz buruko lehen partidu horretan Larrartek joko ona egin zuen, eta konfiantzagaz heldu zen binakakora. “Nahiz eta irabazi, gorputzaldi txarra neukan, eta nire jokoan konfiantza barik nengoen. Uste dut horrek eragin zidala, eta ikusi zen normalean huts egiten ez ditudanak huts egin nituela”. Partidu “gogorra” izan zen, lehenengo zatia “nahikoa estua”, baina amaierako zatian, Bergarak eta Larrartek asmatzeak eta Arrizabalagaren eta Mendizabalen akatsek erabaki zuten jokoan zegoen puntua.
Gernikarrari “gehien kostatzen” zaion modalitatea da binakakoa, eta “hor lan gehiago” egiteko erronka daukala gogoratu du.
Gaueko hirugarren eta azken partiduan lortu zuen Arrizabalagaren taldeak bigarren puntua; 6-12 irabazi zion Etxegaraik Arraizari. 5-0 aurreratu zen Arraiza, eta gero, 1-12ko partzialari esker eskuratu zuen garaipena Etxegaraik.
Hurrengo jardunaldia. ETB 1en astelehen gauetako apustua da Plazandreak. Abuztuaren 2an jokatuko dute finala, baina aurretik beste bi jardunaldi geratzen dira.
Arrizabalagak, Mendizabalek eta Etxegaraik hurrengo astelehenean [uztailak 19] lehiatuko dute ligaxkaren euren laugarren eta azken kanporaketa. Aldai-Garai-Oses hirukotearen kontra jokatuko dute.
Finalean sartzeko aukera asko dituzte Arrizabalagak eta bere taldekideek. Hanka bat finalean daukate, baina finalerako txartela lortzeaz harago, asteleheneko hiru partiduak irabaztera irtengo direla azpimarratu du. “Denak irabaztera irtengo gara, baina egia da finalerako plaza hori ziurtatzera joan behar garela”.