Agustin Ibarrolaren 'Gernika' erosi du Bilboko Arte Ederren Museoak
Lana "kontserbazio egoera ezin hobean" dagoela dio museoak, eta 300.000 eurotan erosi du.
Agustin Ibarrolaren Gernika horma-irudia erosi dio Bilboko Arte Ederren Museoak Madrilgo Jose de la Mano galeriari, 2021eko ARCOmadrid azokan.
Pablo Picassoren Gernika lanaren omenez, artistak 1977an margotu zuen 10 mihisek osatutako 10 metroko zabalera eta 2 metroko altuera dituen obra da Ibarrolarena. Urte hartan hainbat artista eta eragilek eskatu zuten Picassoren obra enblematikoa Gernikara ekartzeko, eta eskaera hari bultzada emateko egin zuen margolana Ibarrolak. Hain zuzen ere, urte horretan aurkeztu zuen lana Bilboko Arte Ederren Museoan, eta bi urte geroago berriro jarri zuten ikusgai museo berean, artistaren beraren beste obra batzuekin batera. “Kasu horretan, Ibarrolaren estilo geometrikoko beste bi lanekin batera erakutsi zen, eta ohikoak zituen langile eta fabriken gizarte gaiekin”, azaldu du museoak.
Ordutik, artistaren estudioan egon da, Oman duen baserrian, harik eta Jose de la Mano galeristak katalogo batean aurkitu, eta artistaren familiarekin harremanetan jarri ostean, Arco azokan erakusgai jarri arte. Lana “kontserbazio egoera ezin hobean” dagoela dio museoak, eta 300.000 eurotan erosi du. Horma-irudia museoa sustengatzen duten hiru erakundeen —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala— ekarpen berezi bati esker erosi ahal izan dute.
Bilboko Arte Ederren Museoak adierazi du Ibarrolaren Gernika eskuratuta, XX. mendeko euskal ondare artistikoaren obrarik “garrantzitsuenetako bat berreskuratu” duela publikoarentzat: “Lana, gainera, erakundearen historiarekin lotuta dago, eta nabarmen aberasten du Ibarrolak museoaren bilduman duen ordezkaritza”. Era berean, artista kortezubitarrak obra egin zueneko testuinguru artistiko eta soziala ezagutzeko aukera eskaintzen duela dio, baita obraren garrantzia ebaluatzeko ere. “Picassoren obraren motibo figuratiborik ikonikoenetako batzuk ditu irudikatuta, Ibarrolaren sormenezko unibertsoaren berezko elementu batzuekin batera; esaterako, diktadurako jazarpen-giroaren salaketa eta askatasunen aldarrikapena sinbolizatzen duten burdin sare geometrikoak”, adierazi du museoak.
Ibarrolaren Gernika erosteagaz batera, Bilboko museoak Ibarrolaren beste bi obra jaso ditu dohaintzan, 1973an eta 1979an margotutakoak. Artistak 1979an museoaren areto grisean egin zuen erakusketarako sortutako muntaketaren parte dira biak.