Busturialdeak bandera eta lidergoa eskuratu ditu Donostian
Ligaren 4. jardunaldian bigarren bandera lortu du eskualdeko taldeak.
Asteburu borobila eta historikoa izan da Busturialdea Arraun Elkartearentzat. Aurtengo ligan bere bigarren bandera irabazi du eta horrekin batera KAE Ligaren lidergoa ere bereganatu du Elantxobeko eta Mundakako arraun klubek osatutako taldeak.
Aurten liga ezin hobeto hasi dute Busturialdearen arraunlariek. 2. jardunaldian etxean jaso zuen sari handia: 33. Elantxobeko Traineru Estropada irabazi zuen. Zapatuan [uztailak 10] ailegatu zen ezustekoa. 21 minutu, hamahiru segundo eta bederatzi ehunenetan amaitu zuen XI. Kaiarriba Donostiarra Ikurriña. Alde polita atera zien gainontzeko taldeei. Hamalau segundo eta hamabost ehunenera sailkatu zen Hondarribia, eta Portugalete hirugarrenak 21 minutu, 31 segundo eta 38 ehunenetan burutu zuen estropada.
Sailkapen orokorrean 35 puntugaz berdinduta daude Busturialdea eta Portugalete, eta sei puntu gutxiago ditu Hondarribiak.
Ligaren hurrengo estropada Portugaleten lehiatuko dute domekan [uztailak 18], baina aurretik Bizkaiko Txapelketan parte hartuko dute eguaztenean [uztailak 14]. Lekeition jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa, 19:00etatik aurrera.