San Kristobal ermitako eraberritze obrak amaitu dira
Foruko baselizaren zaharberritze prozesua amaituta, forutarrek auzolanean atondu dute inguru guztia.
Foruko Udalak aditzera eman duenaren arabera, asteburu honetan, Armotxerri auzoko San Kristobal baseliza atzera zabalduko dute eta, gainera, inaugurazio saioak burutuko dituzte hala bariku arrastian, nola zapatu eguerdian.
Udalak herriko parrokiari “laguntza” eman zion, hain zuzen ere, diru laguntza baten bitartez eta Foruko herriak, trukean, inguruko lursailen jabetza eta baselizako eraikinaren erabilera kulturala eskuratu zituen. Ermitaren egoera, azaldu dutenez, “benetan tamalgarria” zen, obrak abiatu zituztenean: jausteko zorian zegoen, itoginez zein hezetasunez josita zegoen, instalazio elektriko ganorazkorik ez zegoen, ez zeukan inongo isolamenturik, hormak zeharo ahulduak zeuden…
Gauzak horrela, interbentzioa “guztiz beharrezkotzat” zuten forutarrek, eraikinaren bizirautea bermatu ahal izateko; horretarako, apezpikutzagaz elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Ondare Saileko txosten bat lortu zuten eta orduantxe jarri ziren martxan eraberritze obrak. Lanek aurrera zirauten artean, gainera, orain dela 2.000 urteko hilarri bat topatu zuten.
Ostean, baina, COVID19-aren pandemia egoerak ekarritako osasun krisialdia etorri zen eta, ondorioz, orain arte ezin izan dute burutu zaharberritutako baselizaren inaugurazioa. Obren osteko atontze eta edertze beharrak ere egin dituzte Armotxerriko auzotarrek: auzolana izan da lan horien nortasuna markatu duena, herritarrek euren kabuz eta elkar lagunduz egin baitituzte.
Foruko alkate Mikel Magunazelaiak argitu duenez, “zaharberritze obra horiek 2019tik datoz, COVID19-aren krisia tarteko”. Horrez gain, osotara, “ia 70.000 euroko aurrekontua behar izan da lanak burutzeko”; Foruko Udalak, azaldu du, “kopuruaren ia erdia eman du: 40.000 euro”.
Eraikinaren, auzolanaren eta bestelakoen berri emate aldera, gaur, 19:00etan, San Kristobal, Forutarron ondarea izeneko berbaldia egingo dute, Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta. Bihar, ostera, meza egingo dute, 12:30ean eta, jarraian, Urdaibai Dantza Taldearen emankizuna egongo da.