Plazako ilunabarrak bueltatu dira
Lilibertsokoen bertso saioagaz hasi zuten atzo aurtengo Ilunabarrak plazan ekimena, eta "oso giro ona" nagusitu zela diote Egigun elkartekoek
Koldo Gezuraga, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi eta Janire Arrizabalaga Lilibertsoko kideak izan ziren atzo, Arratzuko Ilunabarrak plazan ekimenaren protagonista nagusiak.
Euren bertso saioagaz hasi zuten aurtengo egueneroko zikloa, eta “oso giro ona” nagusitu zela diote Egigun elkartekoek. Zehaztu dutenez, 70 lagunetik gora elkartu ziren Loiolako plazan.
Datorren eguenenean 20:00etan, Addar musika taldearen kontzertu akustikoaz gozatu ahalko dute Arratzura bertaratzen direnek.
Ilunabarrak plazan ekimenagaz, kultur eskaintza eta aisialdirako planak bultzatu gura dituzte herrian, herria bizitzea baita elkarteko kideen asmoa: “Gure asmoa belaunaldi desberdinetako jendea batzea da, aisialdi edo parte hartzerako eskaintza bat eginez. Bertatik eta bertokoa eskaini gura dugu, eskualdean ditugun baliabideekin eta herrian ditugun aukerekin. Sorkuntza edota beste esparru batzueri begirako ekimenak bultzatzen jarraitu gura dugu”.
Kultura ardatz hartuta, formatu ezberdinak landuko dituzte uztaileko hitzorduetan: bertsoak, musika edota zinema. “Ume, gazte eta helduentzako proposamena bultzatu dugu. Ez dugu publiko zehatz bati lotutako eskaintza egin gura izan, egitaraua zabala izan behar zen, disziplina ezberdinak lantzen zituena”, azaldu dute.
Egitaraua:
Uztailak 15: Addar musika taldearen kontzertu akustikoa.
Uztailak 22: Zinea kalean.
Uztailak 29: Nebbian taldearen kontzertu akustikoa.