Muxikako Udalak adierazi du udalerriko enpresetan "laneko ezbehar-tasaren jarraipena" egingo duela
Azken bi urteetan udalerrian lan istripuetan hildako hiru langileen heriotzak salatu ditu Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Udalak.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Udalak azken bi urteetan udalerrian lan istripuetan hildako hiru langileen heriotzak salatu ditu, eta elkartasuna, atsekabea eta laguntzeko nahia adierazi diete 20202-2021 urteetan udalerrian gertatutako lan istripuen ondorioz zendutako langileen senideei, lagunei eta lankideei.
Gaur deitutako ezohiko osoko bilkuran heriotza horiek salatzeko adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak, aho batez. Onartutako adierazpenean, udalerriko enpresetan, laneko ezbeharren jarraipena egingo dutela adierazi dute udal arduradunek, baita heriotza kasuetan gertatutakoak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko egiten diren jarduera guztietara bertaratuko direla ere.
EH Bilduren iritzia. Muxika, Gorozika eta Ibarruriko EH Bilduk, bere aldetik, udalerrian azken bi urteetan hildako hiru langileen heriotzak “onartezinak” direla dio: “Benetan larria da langile horiek hil izana haien eta senideen bizitza aurrera atera nahian. Datu horiek onartezinak dira bizi garen gizarte ‘moderno’ eta ‘garatu’ honetan, egun eskura ditugun aurrerapen teknikoak kontuan hartuta”.
Lan istripu horiek patronalak etekina ateratzeko duen “gogo mugagabearen” ondorioa eta kolokan dauden lanpostuak sustatzen dituen lan erreforma multzoarena dela salatu du udalerriko EH Bilduk: “Kolokan dauden lanpostuak sustatzen dituen lan erreforma multzoak laneko ezbeharren tasa handitzea eta lanarekin loturiko beste osasun galera batzuk bultzatu ditu. Lan baldintza eta lan erritmo jasanezinak ezartzen dizkie hura pairatzen dutenei, hau da, langileei”.
Kapitalak etekinak “lehenesten” dituela ere salatu du, “pertsonen bizitzaren gainetik”. Egungo zerga politikak hori berresten duela dio gainera koalizio abertzaleak, “gehien irabazten duenari egiten diolako mesede eta norbere kontura zein inoren kontura lan egiten dutenei, ordea, kolokan dauden lanaldiak ezartzen dizkiotelako”.
Egoera aldatzeko eta pertsonen bizitzak lehenesteko, arlo guztietatik heldu behar zaiola uste du Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EH Bilduk. “Tresna eraginkorrez hornitu beharra dugu, esparru egokia garatu ahal izateko, non langileok gure lana arriskurik gabe bete ahal izango dugun”, dio. Eta horretarako Laneko Harremanen Euskal Esparrua behar dela diote udalbatzako kideek, berari esker “sortu eta garatu” ahal izango delako benetako prebentzio politika: “Ezinbesteko baldintza da gure lan-harremanak antolatzeko, lan erreformei aurre egiteko eta lan-istripuak murrizteko”.
Halaber, udala herri administrazio guztiak bezala, herritarren eta langileen eskubideen bermatzailea den heinean, prebentzio politika eraginkorraren eredu izan behar dela dio: “Horren erakusle izan behar da udala, horrek guztiak trakzio efektua eragin dezan gainerako enpresetan eta gizartean”.