Kultura, feminismoa eta saretzea
Mundakan eskaintza kulturala sortzea eta feminismoan oinarrituriko taldea ehuntzea dira 20 urte bete berri dituen Katillotxu Emakume Elkartearen helmugak.
Herriak, ohiturak eta ikuspuntuak asko aldatzen dira 20 urtean, batez ere Mundaka bezalako gure inguruko herri txikietan. Ikuspuntu aldaketa horren agerkari da, esaterako, Katillotxu Emakume Elkartearen, hau da, Mundakako Emakume Elkartearen sorrera eta garapena. Apirilean, taldearen 20. urteurrena ospatu berri dute eta, urtemuga hori tarteko, elkarteko partaide Fatima Canivellek orain arteko lana baloratu du. Katillotxu Emakume Taldearen sorreraren atzean kulturarenganako egonezin edo interesa dago, baina, horren gainetik, “etxetik ateratzeko eta kanpoko bizitzaz gozatzeko gogo bizia” zeukatela azpimarratu du proiektuaren jaiotzarako arrazoitzat.
Bestalde, bada taldearen sorreran igarri zuten beste ahulgune bat: “Emakumeek, Mundakan, ez zeukaten txokorik edo elkarte gastronomikoetara sartzeko inongo aukerarik”. Hori dela eta, elkartzea, partaideen interes pertsonalak kolektibizatzea eta jarduerekin hastea erabaki zuten. Eredutzat, Bermeoko Erroxape talde feministaren “izugarrizko laguntza” izan zutela dio; euren estatutuak aztertu zituzten, “itsasargi gisa” erabiltzeko. Historikoki, 570 partaide egon dira elkartean; gaur egun, ostera, 280 lagunek jarraitzen dute modu aktiboan. Mundaka bezalako herri txiki bat izateko, “lan handia” dela nabarmendu du.
Elkartean, edonor da ondo etorria: gizonezkoak zein emakumezkoak
Zenbat gura jarduera. Katillotxun “askotariko beharrizanak edo ardurak” dituzten pertsonak daude eta, ondorioz, antolatzen dituzten egitasmoak ere tankera askotakoak izan ohi dira: pintura, eskulanak, idazketa literarioa, yoga, zumba, marrazketa, argazkilaritza, patchword, ehoziriak, umeentzako arropa josteko saioak, gorputz adierazpeneko eskolak edo boxeoa edo antzerkia dira, besteak beste, antolatzen dituzten aktibitateak. Izaera kulturalaz gain, elkarteak badauka zelanbaiteko jardun politiko edo ideologiko bat ere: “Gizonezkoentzako mundu batean, berdintasunezko egitarauak prestatzen ditugu, herritik eta herrirako”; bide batez, Canivellek jakitera eman du taldean “edonor” onartzen dutela eta “gizon zein emakume ondo etorriak” direla. Edonola ere, emakumezko partaide kopurua, egun, gizonezkoena baino “askoz handiagoa” dela aitortu du elkartekideak, herritar guztiek elkarteko ateak “zabal-zabalik” dituzten arren.
Hurbiltasuna eta denbora. Taldearen baitan “praktikotasuna eta eraginkortasuna” bilatzen dituzte; helburu potoloenetako bat da herrian bertan era ugaritako jarduerak egiteko aukera eskaintzea: “Astean ordu pare bat izanda, tailer edo jarduera bat egin zenezake eta, gainera, autoa hartu barik”. Hori bai, eskualde osoko partaideak batzen zaizkiela ere adierazi du: Busturikoak, Bermeokoak, Gernika-Lumokoak…
Mundakako herriak taldea begi onez hartu du, bere ibilbidean zehar; adibidez, udal liburutegiagaz edo Ikasleen Gurasoen Elkarteagaz harremanetan daude, eta elkarri laguntzen diote. Udal taldeagaz, baina, egoera bestelakoa da: “Lokala uzten digute, beste ezer ez. Udalaren aldetik, ez dago inongo diru laguntzarik, inplikaziorik edo erraztasunik”. 20 urteren ostean, oraindik “mesfidantza” igartzen dutela dio Canivellek.
Mundakako Udalak ez du taldearekiko inplikaziorik: lokala uztea baino ez
Arazoak arazo, Mundakako Katillotxu Emakume Taldeak hamaikatxo jarduera burutu ditu joan berri diren San Joan eta San Pedro udal jaietako egitarau barruan: zumba masterclass bat, yoga saioak, argazkilaritza erakusketa kolektiboa, pintura ikastaroak… 20 urteko ibilbideak ematen duen perspektibagaz, “eboluzio argi bat” ikusten du Canivellek, Mundakan; “kirolaren gorakada potoloa” igartzen duela dio eta, gorakada horren baitan, genero arteko arrakala, oso gutxinaka bada ere, “apaldu” egin dela.
Atzera begiratzeko unea. “Ustekabean” pasatu diren 20 urte horien analisia egiterakoan, esperientzia “zeharo positiboa” izan dela onartu du. Denboraren prismagaz, ordea, “kolaborazio gehiago” merezi izan dutela hausnartu du, batez ere, udal taldearen aldetik; halaber, “askatasun apur bat gehiago” merezi izan dutelakoan dago, gehienbat, entseguak egiteko edo lokalak ganoraz erabili ahal izateko orduan.
Helburuetako bat herrian bertan denetariko jarduerak egin ahal izatea da
Aipatutako askatasun falta hori, baina, “Mundakako eta inguruko herritarren erantzun bikainak” orekatu du, urtez urte; herritarrez gain, tailerretan, eskoletan edo bestelako jardueretan beharrean ibili den irakaslegoaren “maila altu-altua” nabarmendu du. Eskaintzen dituzten aktibitateek, gainera, balio erantsi oso garrantzitsu bat dutela argitu du: taldeak, laguntasun harremanak eta, oro har, sareak jostea. Sare sozial horiek ehuntzen jarraitzeko, baina, etorkizunera “ziurtasunez” begiratu behar dela dio Canivellek.
Bizitza kalean dago. Elkartea emakumeak etxetik kalera ateratzeko helburuz sortu izanik, iazko udaberrian etxeratze agindua ezarri zutenean, “etxeak kale bihurtzea” erabaki, eta elkartekideek interakzio amaraun sendoa osatu zuten. Taldera hurreratu nahi dutenak “bat gehiago legez” onartuko dituzte Katillotxu Emakume Elkartean, baina “boluntario lana” eskatuko zaie. Izan ere, oraindik bide luzea dago egiteko feminismoaren eta kulturaren uztarketan.