Danona Donea jaialdi alternatiboan elkartuko dira martitzenean
Parte-hartzaileen ekarpenetan oinarritutako Mundakako jaialdi eklektikoa den heinean, martitzenean ere, bertaratzen direnek prestatutako egitaraua izango dute aukeran, 10:30etik aurrera.
Laugarren urtez jarraian, egun osoko egitaraua dakar aurtengoan ere Danona Donea jaialdi alternatiboak. Mundakan, Santa Katalinan antolatzen duten jaialdi parte-hartzailea da. Uztailaren 13an antolatu zuten jaialdia lehenengoz duela lau urte, eta eguna mantenduko dute aurtengoan ere.
Sortzeko eta harremanak estutzeko jaialdi eklektikoa dela diote antolatzaileek, “masifikazioetatik aldendutakoa”. Elektrizitaterik gabeko ospakizuna da, agertokiak eta txosnak alde batera uzten dituena, eta Santa Katalinak eskaintzen duen “txoko ederraz” beste era batera gozarazten duena. “Lagunarte hurbil eta sormentsua da Danona Donea, hartzeko eta emateko prestatua, aurpegi irrifartsu eta argiak batzen dituena”, adierazi dute.
Parte-hartzaileen ekarpenetan oinarritutako Mundakako jaialdi eklektikoa den heinean, martitzenean ere, bertaratzen direnek prestatutako egitaraua izango dute aukeran, 10:30etik aurrera. “Agenda eta abarrekorik barik, egitarau baten hutsunea beteko du sormen kolektiboak, bat-batekotasunak eta sorpresek”, zehaztu dute antolatzaileek.
Dagoenerako aurreikusi dituzte ekintza batzuk: yoga, musika, helduen arteko jolasak edota umeentzako jostailu ekologikoak eta hari-mandalak egiteko tailerra. Halaber, edozein motatako egitasmo kultural eta artistikori bere txokoa eskainiko diote; besteak beste, ibilaldi telematikoek, solasaldiek, truke salmentak, kirolak…
Santa Katalinako landetan elkarrekin bazkalduko badute ere, janaria eta edaria norberak etxetik eroan beharko duela azaldu dute. Kanpotik bezperan hurbiltzeko asmoa dutenek, aldez aurretik esanda, bertakoen etxeetan leku bat izan ahalko dute lotarako.
Informazio gehiago gura duten horiek, danona.donea@protonmail.com helbide elektronikora idatzita edota 638 73 32 23 telefonora deituta jasoko dute.