Bermeoko Udalak indarkeria sexistari aurre egiteko gakoak gida batean batuko ditu
Bermeoko Udalak, berdintasunaren aldeko hautuari helduz, indarkeria sexista ekiditeko agiriak banatuko ditu.
Bermeoko Udalak 2008tik dakarren genero arteko berdintasunaren arloko ibilbideari eusteko beste ekimen bat burutuko du. Udal Berdintasunerako II. Plana onartu eta martxan ipini ostean, ikuspuntu horren inguruko estrategia politikoak abiatzeko plangintza finkatu du eta hori sustatzeko egitasmoak sustatuko ditu; horietako bat da, hain zuzen ere, herritarren artean zabalduko duen baliabideen txosten edo liburuxka. Gida horren baitan, bermeotarrek eta, bereziki emakumezkoek, indarkeria sexistari aurre egin ahal izateko erabilgarri dituzten baliabideen inguruko informazio zehatza izango dute eskura.
Datorren astetik aurrera, etxeetara banatuko da aipatutako liburuxka informatibo hori. Bermeoko Udaletik azaldutakoaren arabera, “udal behargin eta emakumeekin elkarlanean” osatu da eta , gainera, “euskaraz zein gaztelaniaz izango da eskuragarri”. Interesdunek, herriko farmazietan, osasun zentroan, Bermeoko Udaleko webgunean bertan edo bestelako establezimenduetan eskuratu ahal izango dute.
Horrez gain, udaleko langileei zuzendutako komunikazio berdinzalearen gida ere sortu da, udal mailan inklusiboa eta ez-sexista dan hizkuntza bultzatzeko asmoagaz. Udal esparruari begira egin den arren, edonork kontsultatu dezake, udalaren webgunean. Gainera, datorren irailetik aurrera, formakuntza saioak ere burutuko dituzte, udal langileekin.
Gizarte sexista eta androgenikoan hizkuntzaren erabilera landu da, besteak beste, txosten horretan; eredu horiek detektatzeko eta ekiditeko gakoak dakartza dokumentu horrek, hizkuntza sexista gainditzeko urrats txiki bat eman guran. Helburua, hortaz, “errealitatea eraldatzea eta, horrenbestez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanak aldatzea” da. Lan hori guztia, argitu dutenez, Bermeoko emakumeen eta gizonen Berdintasunerako II. Planeko “Indarkeria Matxistarik gabeko herria” eta “Gobernu ona” ardatzetan bilduta daude.