"Basogintza sektorean ez dira behar besteko prebentzio neurriak hartzen"
Basoko langile bat hil zen eguaztenean Muxikan, bi urtetan hirugarrena. Lanean hildakoen heriotzak salatzeko elkarretaratzean egin dute gaur Kurtzeron, eta bertan batu dira sindikatuetako eta udaleko ordezkariak.
25 urteko basoko langile bat hil zen eguazten goizean lan istripuan, Muxikan, azken bi urteetako hirugarrena. Lanean hildakoen heriotzak salatzeko elkarretaratzea deitu zuen gehiengo sindikalak gaurko, eta Kurtzeroko bidegurutzean elkartu dira sindikatuetako ordezkari zein herritarrak. Muxika, Gorozika eta Ibarruriko Udalak ere bat egin du sindikatuen deiagaz eta elkarretaratzean batu dira udal ordezkariak.
Sindikatuek salatu dutenez, basogintza lanetan ez dira “behar besteko prebentzio neurriak” hartzen. Eguazteneko heriotza “kontrolik ez dagoenaren seinale” dela dio LAB sindikatuak, eta sektore horretako lan baldintzak “gero eta prekariagoak” azpimarratu du.
Basogintza sektoreko enpresek euren etekinak “lehenesten” dituztela dio ELA sindikatuak. Halaber, enpresek ez dituztela prebentzio neurri eta baliabide nahikorik hartzen adierazi du: “Prekarietatea, behin-behinekotasun tasa handia, azpikontratazio-kateak eta prebentzio-legea sistematikoki ez betetzea dira gaitz horren jatorriaren atzean dauden arrazoi nagusiak”.
Urtez urte lan istripu gero eta gehiago izatea “prekarizazio politikoaren ondorio zuzena” dela dio LABek, baita erakundeek lan osasunean egiten “ez duten kontrol zehatzarena” ere. ELAk salatu du arazo horiei heltzeko eta errotik konpontzeko “borondate falta” dagoela: “Administrazioak gutxieneko kontrolik oinarrizkoena ere ez du egiten. Lan Ikuskaritzan eta Osalanen baliabiderik ez dagoenez, eta zigor gogor eta eredugarririk ez dagopenez, errealitate honetara bultzatzen gaituzte, baina langileok ez dugu errealitate hau inolaz ere onartuko”.
Diotenez, lan arriskuen prebentzioan neurri gehiago hartu behar dira, “kalitatezko enplegua” sortzeko. Urteak daramatzatea eskaera hori egiten diote sindikatuek, baina ez direla neurriak hartzen salatu dute. Hala, lan osasun politikak errotik aldatzeko exigitu diote administrazioari. “Neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditeko beharrezkoak diren politika errealak behar dira. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira”.