Autokarabanentzako aparkalekua egokituko dute Bermeon
Espazio berria Bermeo garraio mota horretan bisitzera datozenen beharretara moldatuko dute.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, hilerri alboko espazioan, autokarabanentzat egokitutako eremu bat prestatuko du. Aparkalekuaren egokitzapen proiektuko txostenean, besteak beste, hamasei aparkaleku plaza eta argiaren zein uraren harguneak aurreikusi dituzte. Lanak aurrera ateratzeko, berriz, Bermeoko Udalak 147.073,91 euro bideratuko ditu.
Egokitzapen obren idazketa oraindik egin berri dagoen arren, beharrak urte honen azken hiruhilabetekotik aurrera eta datorren urtera artean luzatuko direla jakinarazi dute. Beraz, espazio berri hori ez da erabilgarri egongo uda honetan. Hori bai, behin behineko irtenbide bat bilatu dute eta, ondorioz, karabanentzako gune probisionala egongo da; espazio hori, gainera, atondu eta egokitu egingo dute, seinale gehiago jarriz eta bertako kontrola areagotuz.
Autokarabanak boladan daude. Bermeoko Alkateak, Aritz Abaroak, adierazi duenez, “gure udalerria bisitatzera mota horretako ibilgailuetan datozenak berreskuratzeko bidean gauden aparkaleku horretara bideratu beharra dugu”. Bestalde, Abaroak azpimarratu zuen pandemiak “lekuko turismo eredua” bultzatu duela eta, gainera, “autokarabanaz bidaiak egiteko ohiturak hedatu” egin dituela. Hori dela eta, “beharrezkotzat” jo du Bermeora autokarabanaz heltzen direnek “euren espazio propioa” edukitzea; hortaz, “eremu atsegina, txukuna eta beharrezko zerbitzuekin hornitua lortzeko” behar egingo dutela adierazi du.