Herriko plaza eraberritzeko proiektuaren hiru proposamen ikusgai daude, herritarrek gustukoena bozkatzeko
Gaurtik uztailaren 18ra bitartean eman dezakete botoa 16 urtetik gorako herritarrek, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 10:00etatik 14:00etara bitartean, zapatuak eta domekak barne.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko plaza eraberritzeko proiektuaren hiru proposamen finalistak aukeratu eta ikusgai jarri ditu, herritarrek euren gustukoena aukeratzeko.
Gaurtik uztailaren 18ra bitartean eman dezakete botoa 16 urtetik gorako herritarrek, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 10:00etatik 14:00etara bitartean, zapatuak eta domekak barne; barikuetan 17:00etatik 19:00etara bitartean ere eman daiteke botoa. Herritarren botoak anonimoak izango dira, baina modu presentzialean eta kontrolatuan eman beharko dute iritzia, bizilagun bakoitzeko boto bakarra zenbatzeko. Herritarren ekarpenek 20 puntuko balioa izango dute, eta epaimahaiarenak, berriz, 100 puntukoa. Zehaztu dutenez, 50 bizilagunek baino gitxiagok botoa emanez gero, herritarren puntuazioak 10 puntuko balioa izango du. Halaber, aurkeztutako gainerako proiektuak ere ikusi ahako dira aretoan, 10 guztira.
“Udaletik 16 urtetik gorako bizilagunak gonbidatzen ditugu herriko plaza berritzeko proiektu garrantzitsu honetan euren botoagaz parte hartzera”, adierazi du Juan Felix Nabernek. Izan ere, udal gobernuarentzat eta udalbatza osoarentzat “funtsezkoa” dela herritarren iritzia jasotzea dio: “Garrantzitsua da gure lan guztia herritarrei laguntzeko delako, guztiok herriaz gozatzeko, eta herriko lan eta bizi kalitatea hobetzeko. Bestetik, herritarren iritzia jaso gura dugu hori delako udalean lan egiteko daukagun modua”.
Herritarrek botoa emateko duten azken egunetik aurrera, epaimahaiak hilabeteko epea izango du azken irizpena emateko. Kontuan hartuko dute proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, kalitate arkitektonikoa, erosotasuna, jasangarritasuna eta ingurumen hobekuntza, segurtasuna, erabileraren malgutasuna eta hiri espazioaren antolamendua.
Hala, herritarren zein epaimahaikoen puntuak kontutan hartuta, puntuazio handiena lortzen duen proposamena izango da irabazlea. Azken epaia eman eta gero, lehiaketa gehienez bi hilabetetan ebatziko da, alkatearen dekretu bidez. Proiektua onartze denetik, enpresa esleipendunak bi urte izango ditu plazako eraberritze obrak hasteko.