Gaztelugatxeri dagokion kudeaketa salatu du EH Bilduk
Gaztelugatxe turistentzat zabaldu berri duten honetan, Bermeoko EH Bilduk informazio falta eta herritarren iritzia ez entzutea leporatu dio Bermeoko Udalari.
Atzo, Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxean egin zuten prentsaurrekoan, Bermeoko EH Bilduko zinegotziek aditzera eman zuten Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak burutzen duten Gaztelugatxeko nahiz inguruko eremuaren kudeaketa “guztiz zalantzazkoa” dela. Bermeoko herriari eta herritarrei “hainbeste eman dien” ingurunearekiko “errespetu insituzional falta” salatu zuten; era berean, argi utzi zuten alde bakarreko erabakiak hartzen direla, parte hartu beharko luketen eragileen iritziak ez direla aintzat hartzen eta, gainera, kanpotik datozen inposizioak bere horretan onartzen direla.
Inkomunikazio osoa. Bermeoko EH Bilduko ordezkariek azaldu zutenaren arabera, “Bizkaiko Foru Aldundiak, uztailaren 1ean, Gaztelugatxe turismo jarduerentzat zabaltzea erabaki zuen, baina hori egin orduko burutu beharreko lanak oraindik egin barik daude”. Halaber, “modu guztiz aldebakarrekoan” hartu den erabaki horren gaineko informazio guztia Udal Gobernuari eta udal taldea osatzen duten gainontzeko alderdietako ordezkariei komunikatu ordez, “inkomunikaziozko egoera bat” eman dela diote. Izan ere, azaldu zuten Bermeoko Udala bera “azken orduan” enteratu zela Gaztelugatxe turistentzako zabalduko zutela zioen albisteaz eta eurek ere ia “komunikabideen bitartez” jaso zutela berria.
Jasangarritasuna babesten dugu, eta ez ‘produktu turistikoa’
Berriak sasoiz kanpo hartzeaz harago, EH Bilduko lantaldeak gaineratu zuen Bermeoko Udalak “herriko gainerako eragileak, alderdi politikoak eta herritarrak jakinaren gainean izateko ardura” zuela eta, horren ordez, ez zela inorekin harremanetan ipini. Beraz, “inkomunikazio esanguratsu hori eta euren kudeaketaren gardentasun falta” izan ziren salatu gura izan zuten lehendabiziko puntua; “Bermeoko nahiz inguruko herritarrek, enpresariek, eragileek edo komunikabideek gestioaren nondik norakoak jakiteko eskubidea” dutela azpimarratu zuten.
Kudeaketa organorik ez. Gaztelugatxeko zein inguruko auziaren kudeaketa egiteko erakunde edo organo baten sorreraren eskaria “orain dela hiru urte luze” eskatu zioten Bermeoko Udalari. Hainbeste denboraren ondoren, baina, “oraindik ez da urratsik eman eragilez, Udalean presentzia duten alderdi politikoetako ordezkariz eta herritarrez eraturiko unitate hori gauzatzeko”.
Horren ordez, “Bizkaiko Foru Aldundiari eskaini zaizkio gai honen gestioaren ardura nahiz eskubide guztiak eta horrek, jakina, lekuko bizilagunen ongizatea edo interesak ahaztu ditu”; zinegotziek argitu zutenez, “Gaztelugatxeko espazioan segurtasuna bermatzeko, ezer baino lehen, konponketa obrekin jarraitu beharko lukete”.
Hiru urteren ostean, oraindik ez dago kuadeaketa organo edo erakunderik
Herritarrak informatzea. Bermeoko EH Bilduko ordezkariek azpimarratu zutenaren arabera, joan den apirilean zein maiatzean, Gaztelugatxeko ingurunea bisitatzeko baimenak eskatu zizkieten hala Bizkaiko Foru Aldundiari, nola Bermeoko Udalari eta haien erantzuna “ezezko borobila” izan zen, gunea egoera traketsean zegoela argudiatuta. Maiatzaren 5ean, gainera, lur jauzien inguruko informazioa eta geologoen kaltetutako espazioan buruturiko txostenak eskatu zituzten eta agiri horiek guztiak ere “modu txarrean” ukatu zizkieten, “oraindik ez zeudela prest argudiatuta”.
Alderdi abertzaleko partaideak, hortaz, “oso harrituta” geratu ziren, Gaztelugatxe turistei zabalduko zitzaiela enteratu zirenean: “Bermeoko herritarroi, sei hilabetez, informazio oro ukatu digute eta orain, bat-batean, dena konpondu dute?”. Bestalde, maiatzaren 28ko Osoko Bilkuran, SOS Gaztelugatxe herritar plataformak aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu zuen Bermeoko Udalak; jarrera horrek, EH Bildukoen ustez, “oso argi uzten du herritarrengandik datozen proposamenak Udalekoei ez zaizkiela interesatzen eta Gaztelugatxeko eremuaren kudeaketa osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoela”. Udal taldearen eta Bermeoko herritarren arteko urruntasun hori “oso tristetzat” jo zuten eta adierazi zuten Bermeoko Udalak “EAJ-PNVren interes partikularrak” baino ez dituela defendatzen.
Etorkizunera begira. Egoera horretan, EH Bilduko partaideek “herritarren alde elkarlanean” jarraituko dutela azpimarratu zuten; era berean, “eragileen eta instituzioen arteko koordinazio lanak orain arte bezain serio” hartuko dituztela iragarri zuten, “hain beharrezkoa den kudeaketa organoa sortzeko borrokatuz”. Amaitzeko, “ingurumen eta turismo jasangarriaren aldeko hautua” berretsi zuten, “produktu turistiko huts bat” defendatzearen ordez.