"Eskola jazarpenagaz amaitzeko denon ahalegina da beharrezkoa"
Monica Martinez busturiarrak eskola jazarpena landu du bere lehen liburuan. ‘Canguros en accion’ liburua bere kabuz kaleratu berri du, eta lana eskoletara zabaldu gura du.
Zer aurkituko du irakurleak Canguros en accion liburua irakurtzerakoan?
Eskola jazarpenari buruzko liburua da Canguros en accion, baina fikziozko nobela bat da. Irakurleek eskola jazarpenaren adibideak irakurriko dituzte, baita ikasleen artean horiek zelan konpontzen dituzten ere. Liburu arina da, irakurketa errazekoa, momentu barregarri zein hunkigarriak dituena. Eskola jazarpena arazo soziala dela ikusarazi gura izan dut liburuagaz, eta arazo soziala den heinean, agente desberdinek elkarlanean konpondu beharrekoa dela esan: irakasleek, ikasleek edota familiek. Baita administrazioa ere. Pentsarazten duen liburua da, hausnarketa bideratzen duena.
Zergatik erabaki duzu eskola jazarpenaz idaztea?
Eskola jazarpena gertatzen dela erakutsi eta horri buruzko hausnarketa bultzatu gura izan dut. Nire helburua eskola jazarpena guztion artean konpondu beharreko arazoa dela islatzea izan da. Irakasleek horretan lan egiten dute, baina eurek bakarrik ezin dute arazoa konpondu: guraso zein ikasle eta irakasleak, denok konprometitu behar gara.
Hori islatzeko kasu desberdinak landu dituzu liburuan.
Ez dira errealitatean existitzen diren kasu larrienak ageri liburuan, kasu arinak baizik. Izan ere, horrek umorez jokatzea ahalbideratu dit. Egunerokoan ematen diren kasuak dira irakur daitezkeenak, eta momentu gogorrak ere ageri dira, irakurleak hunkitzeko bestekoak. Barre eta negar egin daiteke liburuagaz.
Nortzuk dira kanguruak?
Kanguruek gizarte osoa islatzen dute, laguntzeko prest daudenak dira, familiak, irakasleak eta ikasleak. Izenburuagaz esan gura izan dut eskola jazarpenagaz amaitzeko ahaleginean denon ekarpenak beharrezkoak direla. Batzuek bakarrik lan eginda ez da arazoa konponduko, elkarlanean egin behar zaio aurre eskola jazarpenari. Finlandian badago Kiva izeneko programa bat, eskola jazarpenari aurre egiteko abiatu zutena, eta horretan oinarritzen da kanguruen ideia. Izan ere, metodo horrek dio agente guztien ekarpena beharrezkoa dela arazoa konpontzeko bidean. Eskola jazarpena murrizteko helburua duen programa da, eta oso arrakastatsua izan da, asko lortu dute.
Hausnarketa ere bultzatu duzu nobelagaz.
Liburu didaktikoa da, kapitulu bakoitzaren amaieran kapituluko kasuez hausnartzeko tartea dagoelako. Galdera batzuk jarri ditut, kapituluan gertatu denaz pentsaraztea sustatzeko. Galderek eskola jazarpenaren aurrean norberak duen tolerantzia maila zein den ikusarazten laguntzen dute, baita kasu horien aurrean zelan jokatu beharko genukeen aztertzen ere. Eskola jazarpena egunero gertatzen den arazoa da, eta arreta zertan jarri behar den jakitea garrantzitsua da. Halaber, kontuan izan behar dugu egiten duguna, baina baita esaten duguna ere. Guztiak dauka eragina. Hori islatzea eta horri buruzko hausnarketa bultzatzea da helburua.
Gazte zein nagusientzako liburua da?
Edonork irakurri dezakeen liburua da, gazteek eskola jazarpenarekiko tolerantzia zero edukitzea bultzatzen duena.
Zerk bultzatu zaitu eskola jazarpenaz idaztera?
Nire umearenganako ardurak eta babesteko nahiak bultzatu zidan liburua idaztera. Zazpi urte dauzka, eta bera jaio zenetik arreta handiagoa jarri diot eskola jazarpenaren gaiari. Umea jaio eta bi urtera, gainera, eskola jazarpenari buruzko albisteak ikusi nituen hedabideetan, eta kasu horiek nobela hau idazteko pizgarria izan ziren. Ze, konturatu nintzen, gizartean dagoen arazo handia dela, eta ez dela behar beste sakontzen gai honetan. Hedabideetan albisteak agertzen diren arren, ez da behar beste sakontzen. Eskolan ere ez da horrenbeste lantzen den gaia. Hori lantzeko beharra ikusi nuen, eta nire ekarpen txikia da liburua. Komunikazioa da erramintarik baliotsuena arazoei aurre egiteko, eta gaiari buruz hausnartzea beharrezkoa da. Liburua ez da nire bizipenetan oinarritzen, baina nire ardurak jasotzen ditu.
Denetariko kasuak landu dituzu?
Eskola jazarpenari buruzko dokumentazio lan handia egin dut, asko irakurri dut. Liburuan ez dira benetako kasuak bere horretan ageri, baina hainbat lekutatik jaso ditudan iritzi eta informazioak landu ditut. Kasu desberdinak ageri dira. Eskola jazarpena ez da bakarrik beste kide bat jotzea, jazartzeko hainbat modu daude, eta horiek islatzen ere saiatu naiz. Ciberbullying-az hitz egiten duen kasu bat ageri da, esaterako. Erasoa jasotzen duten gazteen profilak ere desberdinak dira liburuko kapitulu bakoitzean. Izan ere, eskola jazarpena edonork, edonon eta edozein hezkuntza mailatan jaso dezake. Ez dago profil zehatzik horretarako, eta hori islatzen ahalegindu naiz.
Erasotzailearen ikuspuntua ere ageri da.
Asko gustatzen zaidan kapitulua da hori. Beti erasotuaren ikuspuntuan sakontzen dugu, baina liburuan erasotzailearen begirada lantzen duen kapitulua dago. Zergatik erasotzen duen ikusten da, eta hori da bere ahulezi emozionalak ez dituelako konpondu. Erasotzen duen umearengan proiektatzen ditu arazo horiek. Erasotzailea ere pertsona da, eta bere sentimenduak dauzka, baita ahuleziak ere. Kapitulu berezia eta hunkigarria da.
Zeintzuk dira protagonistak?
Irakasle bat eta hiru lagun dira nobelako protagonista nagusiak, nahiz eta kapitulu bakoitzean beste pertsonaia batzuk agertzen diren. Ikasleak hiru lagun bihurri eta azkar dira, balio oso onekoak, eta euren balio horiek jendeari laguntzeko erabiltzen dituzte. Irakaslea taldearen motorra da. Arazo asko aurkitzen dituzte bidean, eta horiei aurre egiten diete. Batzuetan ez dituzte arauak errespetatuko, eta nik horregaz islatu gura izan dudana da ez dela horren erraza eskola jazarpeneko kasuak agertzen direnean arintasunez lan egitea.
Zure lehenengo liburua da honakoa. Zelakoa izan da idazteko esperientzia?
Itzelezko erronka izan da. Hasi nintzenean ilusio handiagaz hasi nintzen idazten, baina gero liburua zelan kaleratu behar nuen pentsatu behar izan nuen. Eta hori beste lan bat izan da, beste erronka bat. Horretarako urtebete egon nintzen geldirik, ez nekielako zelan egin. Azkenean nire kontura publikatzearen alde egin dut. Bide luzea izan da bost urte hauetakoa, eta denetarik egon da. Lana amaituta zegoela izan naiz kontziente egindako lan guztiaz.
Jendearen iritziak jaso dituzu?
Etxekoek irakurri dute, eta aurrera jarraitzeko zalantzak izan nituenean euren aupada sentitu dut. Orain, lagunen iritziak jasotzen ari naiz, eta momentuz iritziak onak dira. Kritika batek zioen eskolan egon beharko lukeen liburua zela, eta asko gustatu zitzaidan.
Liburua eskoletara eramatea da hurrengo pausoa?
Liburua lagungarria dela irudituz gero, niri gustatuko litzaidake eskoletan lantzea. Liburuari zabalkundea ematea da asmoa, eta aurrera begira, inguruko eskolekin harremanetan jartzeko asmoa daukat. Gaztelaniaz dago, eta lana euskaratzea gustatuko litzaidake, baina zelako harrera duen ikusi gura dut lehenengo.
Aurrerantzean gai sozialei lotutako beste zerbait egiteko asmoa daukazu?
Momentuz, liburu hau barneratzen eta honi jarraipena emateko lanean ari naiz. Eta lanaz gozatu gura dut. Hala ere, gustatuko litzaidake idazten jarraitzea, eta hori etorkizunean beste liburu batean islatuko den edo ez, ikusiko dugu.