Bigarren eskuko azokan 20 postu jarriko dituzte Muxikan
Goiz guztian zehar, gainera, umeentzako birziklapen tailerra egongo da, Ehunzango jolasak antolatuta. EinGO musika taldeak girotuko du goiza, azoka eta taberna ingurua musikatuko dute-eta.
Bigarren eskuko azoka egingo dute Muxikan, zapatuan. Zubieta Errota aurrean ipiniko dituzte salmahaiak, 10:00etatik 15:00etara bitartean.
Azken urteetan ez da bigarren eskuko azokarik egin Muxikan, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, 20 postu egongo dira aurten aukeran. “Ez genuen horrenbeste postuk izena ematea espero. Arrakasta bat da guretzat. Azken urteetan ez da bigarren eskuko azoka antolatu, eta lehenengo urtean 20 postuk izena ematea oso erantzun ona da”.
20 postu horien artean, Euleuk elkarteko eta Hamaika Garakoak egongo dira. Euleuk irabazi asmorik gabeko elkartea da, Senegalen hainbat jarduera bultzatzen dituena. Senegaleko Warang herrira laguntza eramatea da Euleuk elkartearen asmoa. Herritarren bizi baldintzak hobetu gura dituzte, eta horretarako osasun eta hezkuntza zentroak hobetzen hasi ziren iaz. Hamaika Garak, berriz, erreferendumaren aldeko sinadurak batzeko postua jarriko du, urte guztian zehar sinadurak biltzen baitabiltza.
Goiz guztian zehar, gainera, umeentzako birziklapen tailerra egongo da, Ehunzango jolasak antolatuta. EinGO musika taldeak girotuko du goiza, azoka eta taberna ingurua musikatuko dute-eta.
Bigarren eskuko azokagaz bakoitzaren produktuei bigarren erabilpen bat ematea bultzatzu gura dute udal arduradunek, baita kontsumo arduratsua bultzatzea ere: “Iaz hasi ginen nekazaritzako produktuak saltzeko azoka bat egiten, eta orduan otu zitzaigun azoka hori egiteaz aparte, bigarren eskuko azoka antolatzea. Gauzei bigarren erabilpen bat ematea bultzatu gura dugu, baita kontsumo arduratsua bultzatu ere”.