Kluben arteko Espainiako Txapelketan parte hartu dute Egibar, Pico eta Ruiz eskualdeko atletek
Izaskun Egibar eta Amaia Pico bermeotarrek eta Inma Ruiz gernikarrak Durango Kirol Taldeagaz lehiatu dute Kluben Arteko Espainiako Txapelketa.
Asteburuan 1. mailako kluben arteko Espainiako Master txapelketan egon dira Inma Ruiz gernikarra eta Amaia Pico eta Izaskun Egibar bermeotarrak. Alacanteko La Nucia udalerrian lehiatu zuten Durango Kirol Taldeagaz, zapatuan [uztailak 3], eta lortutako emaitzei esker, talde durangarrak lehen mailan segituko du beste urtebetez. 98 puntu lortu zituen Durango Kirol Taldeak, eta 121 puntugaz Playas de Castellon kluba nagusitu zen lehiatu ziren zortzi kluben artean. Durangoko klubaren atzetik, hiru puntu gutxiagogaz hirugarren sailkatu zen Barcelona Atletismo.
Durangoko taldetik hamasei atletak parte hartu zuten txapelketan zeuden hogei probetan. “Sopelako Munarri Atletismo Taldekoa naiz, Durango Kirol Taldeagaz parte hartu dut, filial modura. 3.000 metroko lasterketa egin nuen, eta jokoan zeuden zortzi puntuetatik zortzirak lortu nituen, eta %94,43 portzentaia”, azaldu du Ruizek. 4×400 m-ko errelebokakoan ere aritu zen atleta gernikarra, eta zazpi puntu eta %81,02 portzentaia eskuratu zuten. Picok 400 m-koa eta 4x100m-ko errelebokakoa lehiatu zituen, eta Egibarrek 4x100m eta 4x400m errelebokakoak.