Izotzetan Islatuak: idazle gazteen bilduma Astrara heldu da
Idazle gazteen arteko saretzea sustatzea helburu, Liberoamerika argitaletxeak egun osoko jardunaldia antolatu zuen joan den astean Astran. Formakuntza literarioan batu ziren idazle gazteak, eta 'Izotzetan Islatuak' lanaren aurkezpena nahiz errezitaldi poetikoa egin zuten.
Liberoamerika argitaletxeak egun osoko jardunaldiak antolatu zituen joan den astean Astran. Idazle gazteen arteko saretzea sustatzea helburu duen literatur taldeak hiru egitasmo prestatu zituen Literatur topaketak izenpean, haien Izotzetan Islatuak izeneko autore gazteen bilduma aitzakia hartuta.
Eguen goizean, formakuntza literarioa burutu zuten, eta arratsaldeko saioan, ostera, bigarren formakuntza literarioaren txanda izan zen. Bukatzeko, Izotzetan Islatuak lanaren aurkezpena nahiz errezitaldi poetikoa egin zuten. Iosune de Goñi eta Leire Alonso Allue dira euskara, elkartasuna, bide alternatiboak eta feminismoa uztartzen dituen proiektuaren gidariak; biek ala biek editore, zuzentzaile eta, horrez gain, idazle lanak egin dituzte ekimen horren baitan.
Astrako aurkezpen saioan azaldu zutenaren arabera, hasieran “kezkatuta” agertu ziren, idazle gazteentzako literatur bildumarako deialdia luzatu zutenean; dena dela, hilabeteekin, lehen proposamenak jasotzen hasi ziren eta, azkenik, 44 pertsonaren lanak jaso zituzten. Denak liburuan ezin sartuta, baina, “aukeraketa zorrotz eta mingarri” bat egin behar izan zuen editore bikoteak eta, horrenbestez, 24 egile hautatu zituzten, bilduman agertzeko.
Lan horretan topatu daitezkeen testuei dagokienez, “denetariko gaiak, kezkak, estiloak eta formatuak” aurkitu dituztela azaldu zuten; gainera, argitu zuten guztiz apurtu dela idazle gazteek beregain eroan behar duten topiko potolo bategaz: azaleko tematikak eta ikuspuntuak dituztela. Izan ere, sakontasun itzeleko gaiak irakurri dituzte, besteak beste, gaixotasunak, heriotza, agurrak, gorputza, identitatea edo familia.
Gaiez harago, Izotzetan Islatuak “intertestualitate oparoko lana” dela argitu dute: olerkiak, narratiba, itzulpengintzagaz lotutako piezak, prosa narratiboa edo generoetatik ihes egiten duten estiloak barnebiltzen ditu. Zentzu horretan, “guztiz zabalik eta orotarikoak irakurtzeko prest” agertu direla azaldu zuten zuzentzaileek, “obra hori guztiek elkarrengandik ikasteko instrumentua” delako.
Bestalde, Liberoamerika eta, ondorioz, Izotzetan Islatuak bilduma 140 poetas contemporaneas izeneko egitasmoaren fruitua dela azpimarratu zuten de Goñik eta Alonsok. Euskal eszena literarioa ere Astran landutako gaietako bat izan zen: “Espainiar Estatuan, idazle gazteentzat, askoz ere aldizkari digital, foro, webgune eta, oro har, batzeko espazio gehiago” dagoela aldarrikatu zuten, gurean “lehiaketen jokoa” baino ez dagoen heinean.
Etorkizunera begira, beste deialdi bat dute begibistan: testu luzexeagoak eskatuko dituzte eta, berriro ere, idazle gazteen arteko auzolana, feminismoa, sormena eta espazio aktiboak sortzea izango dituzte helburu.