Euskara eta euskal kultura balioan jartzeko ekimena abiatu du Turismo Bulegoak
Ken Zazpi talde gernikarraren 'Izarren hautsa' kanta ezagunaren bertsioa entzun ahalko dute bisitariek Turismo Bulegoan. 1976an idatzi zuen Xabier Letek kanta ezaguna.
Bidaia baten oroigarririk esanguratsuena abesti bat izan daitekeela oinarri hartuta, Gernika-Lumoko turismo bulegoak euskara eta euskal kultura balioan jartzeko ekimen berritzailea jarri du martxan. Hain zuzen ere, Ken Zazpi talde gernikarraren Izarren hautsa kanta ezagunaren bertsioa entzun ahalko dute bisitariek bulegora sartzerakoan.
Kantatzera noazu diskoan Xabier Letek Izarren hautsa kanta ezaguna idatzi zuen 1976an, eta Mikel Laboak doinua jarri zion abestiari. “Ereserki bat da, bizitzari, giza izaerari eta gizakiak lur planetan uzten duen urrats laburrari. Etorkizuneko belaunaldiei utziko diogun ondarearekin amaitzen da poema. Zuhaitz horretatik adar gazteak sortuko dira, gure ametsak egia bihurtzeko”, kontatu dute Turismo Bulegokoek, eta zuhaitza euskaldunen sinbolo unibertsala den heinean, hori zabaltzearen alde egin dute.
“Toki bateko musika eta letren zergatia ulertuz, toki horren balioa zein den ikasi ahal dugulako jarri dugu martxan ekimena”, adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek. Hala, oraindik aurrera turismo bulegoara informazio eske doazen bisitariek Ken Zazpiren bertsioa entzun ahal izango dute, Xabier Letek egindako olerkiaren ondoan dagoen QR kodea mugikorragaz irakurriz. Abestia entzun bitartean, letra irakurtzeko aukera izango dute. Izan ere, ekimenagaz euskararekiko sentsibilizazioa bilatu gura dute: “Euskara inoiz entzun edo ez irakurri ez duten pertsonek, gure hizkuntzak duen berezitasuna ezagutuko dute. Teknologiak eskaintzen digun erraztasunak aprobetxatuta, gure hizkuntzarekiko sentsibilizazioa bultzatuko dugu”.
Zehaztu dutenez, Turismo Bulegoko azpiegiturak eraberritzeak eman dio aukera hori udalari. Orain, bisitariek, Turismo Bulegoko 6 metroko mostradorean euskaldunek eguneroko harremanetarako erabiltzen dituzten hitzak idatzita aurkituko dituzte: ongi etorri, kaixo, aupa, egunon, bai, ez, gero arte, ondo ibili… Horrez gainera, musika eta emozioak erabiliz euskarari lotutako bizipena eskaini gura izan diete: “Helburua Gernika-Lumon lehenengo hitza euskaraz izatea da”.