Eako udal eraikinen erabilerei buruzko saioa egingo dute
Eako udal eraikinetan erabilera aukerak aztertzeko prozesuaren barruan, proposamen kontraste saioa egingo dute eguen arratsaldean [uztailak 8], Eskolondon.
Udal eraikinen erabilera aukerak aztertzeko prozesuagaz segituz, maiatzaren amaieran, Bedaronako Txokoan, Natxituko Bolatokian eta Eako Eskolondon parte hartze saioak egin zituzten, eta oraingoan, Eskolondoko erabilera anitzeko gelan saio bakarra egingo dute. Eguenerako [uztailak 8] egin dute deialdia; 18:00etan hasiko dute proposamen kontraste saioa.
Aurreko saioetan herritarrek egindako ekarpenak eta proposamenak aztertu dituzte, eta teknikoki bideragarria zer den ikusi dute. Beraz, orain horren berri emango diete batzarrera berataratzen direnei. “Batzar haietara etorri zen jendearen proposamenak eta espazioen aukerak kontutan hartuta, azterketa tekniko bat egin dugu, eta hori mahai gaineratzea, plazaratzea da bigarren saio honen helburua”, azaldu du Iratxe Arriola Alzola Eako alkateak.
Batzar horietan, udal arduradunek nahi baino parte hartze txikiagoa egon zen, baina “kualitatiboki saio oso interesgarriak” izan zirela azpimarratu du alkateak: “Kuantitatiboki ez zen jende askorik etorri, eta zentzu horretan pena pixka bat eduki genuen, baina, kualitatiboki oso interesgarriak eta emankorrak izan ziren saioak. Jende askorik egon ez arren, proposamen interesgarriak eta desberdinak agertu ziren. Ea oraingoan jende gehiago datorren. Behintzat guk proposamenak egiteko aukera eman dugu”.
Besteren artean, maiatzeko saioetan berba egindako gaien artean daude, antzerki zein zinema edo antzeko kultur emanaldietarako areto estali eta handiagoaren beharrizana, gimnasaioa lehen solairutik bigarrenera lekualdatzea, eta lehenengo solairu hori beste ekintza batzuetarako bideratzea, eta Ean turismo bulegorik ez zela behar. “Horiek kontutan hartu ditugu bigarren saio honetarako. Beste ideia batzuk ere atera ziren, bakoitzak bere ikuspegitik beharrezkoa zena adierazi zuen”.