Alkateak ez du onartu zentsura mozioa udalbatzarrean bozkatzeko EAJren eskaria
Mundakako EAJk salatu du alkatearen 'itxitasunak' diru publikoa murriztea ekarri duela; Mikel Bilbao alkateak esan du auzi juridikoak epaitegiak ebatzi behar dituela, ez udalbatzarrak
Mundakako EAJk gaurko osoko bilkuran alkateak izan duen jarrera kritikatu du, prentsa ohar bidez. Jeltzaleen esanetan, “Mikel Bilbao Mundakako alkateak berriz ere galarazi du osoko bilkurak bere zentsura-mozioarekin lotuta auzitegietan izaten ari den borroka legalari buruzko iritzia ematea”. Hain zuzen, EAJk eskatu du epaiak betetzeko erabakia hartzeko eta helegite gehiago ez aurkeztea, “baina alkateak, berriro ere, eragotzi egin du”.
Osoko bilkuran, baina, Mikel Bilbao alkateak azaldu du auzi juridikoak epaitegian eta epaileek ebatzi behar dituztela ez udalbatzarrak. Argudio hori emanda, Bilbaok ez du EAJren eskaria onartu; alegia, zentsura mozioari buruzko epaia betetzeko eskatzeko botazioa. Jeltzaleek udaletxeko idazkariaren iritzia ere jakin gura izan dute, eta alkatearen argudioa eman du hark ere; epaitegian hasitako auzibidea errespetatu eta epai irmo bat izan arte zentsura mozioari buruzko erabakia hartzea ez dagokiola Mundakako udalbatzarrari.
Bilbaok esan du jeltzaleek bere kontrako zentsura mozioa aurkeztu zutela legez kanpoko jardunak ez onartzeagatik. Adibideak ere aipatu ditu, aholkulari juridikoa, lehiaketa publikoa deitu gabe, zuzenean kontratatzeko aginduari uko egin izana, besteak beste.
Alkateak osoko bilkuran aipatutako salaketa guztiak ukatu egin dituzte EAJren zinegotziek eta gaineratu dute alkateak “sen ona” erabili beharko lukeela, udal kutxek finantzatutako defentsa juridiko pertsonala alde batera utziz. Prentsa oharrean diotenez, alkatearen interes pertsonalek herrian aurrera egiteko proiektu garrantzitsuak garatzea eragotzi dutela salatu du: “Mundakak zerbitzu eta azpiegitura publikoak hobetzeko lan egingo duen gobernu egonkorra behar du. Ez mundakar guztien diru publikoa gastatzen duen alkate bat, herri honen gehiengoak bozkatutakoaren aurka joanda”. Mundaka alkatearen itxikeriaren eta kudeaketa ezaren kaltetu handi eta bakarra izaten ari dela gehitu du EAJk.
EAJk aurkeztutako zentsura mozioa ontzat eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta epai horren kontra helegitea aurkeztu du alkateak Espainiako Auzitegi Gorenean. Idazkariaren diligentzia defendatzearen alde egin zuen Mundakako Udalak, eta ebazpenaren zain daude oraindik.