Urdaibai azkarrena izan da ligaren bigarren jardunaldian
Ligaren lehenenego bi jardunaldiak jokatuta, sailkapen orokorrean laugarren dago talde bermeotarra, Orio bosgarrenagaz berdinduta. Bandeira Cidade da Coruñan seigarren sailkatu da.
Eusko Label Ligaren lehen asteburuan behetik gora joan da Urdaibai. Bandeira Cidade da Coruña bi egunetan erabaki da, eta emaitzei begiratuta, alde nabarmena egon da Bermeoko taldearentzat. Zapatuko jardunaldian bederatzigarren sailkatu zen, eta atzo, ostera, denborarik onena egin zuen.
Zapatuko kolpe latzari buelta emateko gai izan zen Urdaibai, eta hark lehenengo txandan lortutako denbora hobetzeko inor ez zen gai izan. Zortea aldea izan zuen, beste txandetarako haizeak gora egin baitzuen. 20 minutu, 39 segundo eta 18 ehunenetan amaitu zuen. Luis Gonzalez Urdaibairen arraunlari galiziarrak esan modura, aurreko eguneko sentsazioak hobetzea lortu zuten, eta aurrerantzean “segitu beharreko bidea” hori dela azpimarratu zuen, “pausoz-pauso hobetzea”. Iñaki Goikoetxea bere taldekideak ere ildo beretik berba egin zuen: “Atzo baino gusturago egin dugu arraunean. Entrenamenduetan entrenatu duguna egiteko saiakeran irten gara, eta momentu batzuetan irten da. Gutxinaka bagoaz”. Autokritikaren garrantzia aitatu zuen: “Atzo ez genuen ezer ondo egin. Berba egin, autokritika egin eta entrenamenduetako egiten saiatzea besterik ez dago. Aurrera begiratu behar da. Egun eskasak denok edukiko ditugu, eta ezin gara jausi”.
Ligaren lehen jardunaldian, zapatuan, Hondarribiak irabazi zuen estropada, eta bi jardunaldietan bigarren sailkatu zen Santurtzik eskuratu du ligako lehen bandera eta lidergoa.
Urdaibai seigarren sailkatu da Galizian lehiatutako banderan. Santurtziren atzetik, Hondarribia, Zierbena, Donostiarra eta Orio sailkatu dira, hurrenez hurren.
Hain zuzen, Donostiarra handienen artean ibili da asteburuan (laugarren eta bosgarren sailkatu da), eta ondorioz, sailkapen orokorrean hirugarren sartu da, 17 puntugaz. Santurtzi liderrak 22 puntu ditu, eta hiru gutxiago ditu Zierbena bigarren sailkatuak. Laugarren dago Urdaibai, Orio bosgarrenagaz hamaseina puntura berdinduta.
Bestalde, Euskotren Ligan, Oriok irabazi du IV Bandeira Cidade da Coruña. Bera izan zen atzoko azkarrena. Lehen jardunaldian, ostera, Arraun Lagunak izan zen estropadaren irabazlea 11:26.06. Atzetik, Donostiarra bi segundotara geratu zen, Orio hirugarrena bost segundora eta azken postuan helmugaratu zen Hondarribia 31 segundora.