Historia pantailan barrena ezagutzeko aukera, Foruan
Busturialdea-Urdaibai izeneko ibilbide turistikoak, estreinakoz, errealitate birtualeko osagaiak ere izango ditu.
‘Ibilbide Historikoak‘ programaren barruan dagoen Busturialdea-Urdaibai ibilbidea ezagutzera eman dute Asier Madarieta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta Iraide Zubiaga gida turistikoak, Foruan egin duten aurkezpenean; aurrez aurreko esperientzia nahiz birtuala batzen ditu programa horrek. Bisitariek eskualdeko espazio arkeologiko nagusiak ezagutzeko aukera izango dute uztailean eta abuztuan. Horregaz batera, irailean Zin Bidea deskubritzeko aukera izango dute.
Uztailean, Foruko herrixkaz gain, Arratzun kokatuta dagoen Arrola mendiko oppidum-a bisitatu ahalko da; baita Ereñozar tontorreko Erdi Aroko gotorlekua eta Sollube inguruko Tribisburuko erromatar nekropolia ere. Era berean, Mundakako, Sukarrietako eta Busturiko udalerriak barnebiltzen dituen Katillotxuko ibilbide megalitikoa ere badago bisitariei egingo zaien eskaintzaren barruan.
‘Ibilbide Historikoak’ programazioaren jomuga, hain zuzen ere, gure lurraldean interes historikoa duten eremuetan bisita gidatuak egitea da, gure ingururik hurreneko ondarea eta jakintza zabaltze aldera. Bisitei dagokienez, “euren hartzaileak, modu ahalik eta errealenean, iraganera salto egitea” bilatu dute. Horretarako, lekuan lekuko azalpenak dituen ohiko bisita ereduari tablet bidezko sistema gehitu diote. Gailu horren erabilerari esker, bisitariek Foruko I. mendeko erromatar herrixkaren sorrera zein garapena ikusi ahal izango dute; beraz, berreraikitze birtual horregaz, zapaltzen dabiltzan eremuak duela 2.000 urte zein itxura zeukan ezagutuko dute, sasoiko bizi estiloaren, kulturaren edo bestelako aspektuen inguruko informazio argia jasotzeaz gain.
Ibilbide formatuko esperientzia. Bisitak dinamikoago eta aktiboago bihurtzeko asmoz, aurten, zirkuitu itxurako eredua egongo da. Hori dela eta, Foruko ibilbide erromatarrak hiru oinarri edo geltoki nagusi izango ditu, ibilbidean zehar: lehenengoa, tailer metalurgiko bat da (II. eta IV. mendeen artekoa, IV. mende ostean etxeko espazio izatera pasatu zena); ondorengoa, berriz, eraikuntza militar bat da (I. mendekoa, baina II. eta IV. mendeen artean lantoki metalurgiko legez erabili zena); hirugarren eta azken espazioa, ostera, patiodun etxebizitza bat litzateke, hain zuzen ere, domus bezala ezagutzen dena (I. eta II. mendeen artekoa).
Geldiune bakoitzean, bisitariak tableteko botoi sakatzea besterik ez du egin behar, Kristo aurreko IV. mendeko arkeologia aztarnategia bere osotasunean ulertu ahal izateko: errealitate birtualaren bidez, kastroa, bere jatorrian, zelakoa zen ikusi ahalko dute; gaur egungo kastroaren aireko bideoakaz, inguratzen duen lurraldea ulertu ahalko dute; gainera, orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntza ezagutu ahalko dute, 360 argazkiz osaturiko segida bat tarteko. Alderdi birtualaz gain, aditu profesionalek gidari legez jardungo dute eta, horrenbestez, euren ohiko azalpenak ere jasoko dituzte bisitariek.
Busturialdea-Urdaibai ibilbidea. Zirkuitu hori “iraunkortasunean, jasangarritasunean eta inguru naturalarekiko zein kultur baliabideekiko errespetuan oinarritutako eredu turistikoaren agerkari” da, Madarietak adierazitakoaren arabera. Horretarako, “ibilbide pertsonalizatuak eta guztiz gidatuak” atondu dituzte: historiaurreko ehorzketa megalitikoez, Burdin Aroko kastro batez, kokaleku erromatarrez eta Urdaibai Biosfera Erreserbako ikuspegi panoramiko paregabeez gozatu ahalko dute bisitariek.
Busturialdeko bisita gidatuak uztailean eta abuztuan burutuko dituzte, 11:00etan edo 17:00etan hasita. Interesatuek, egutegia ikusteko, www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsultatu, 688 856 689 telefono zenbakira deitu edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Bost ibilbidek osatzen dute programa hori: Arrolako oppidum-eko aztarnategi arkeologikoa (Arratzu); Foruko herrixka erromatarra; Tribisburuko nekropoli erromatarra (Busturia-Bermeo); Ereñozarreko gotorlekua (Ereño) eta, azkenik, Katillotxuko ibilbide megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).
Bizkaiko Zin Bidea. Bizkaiko Foru Aldundiak irailean, bisita gidatuen formatuan, eskainiko duen ibilbide horren helburua Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen lekuak ezagutzera ematea da. Zin egitearen irudia, historikoki, oso esanguratsua izan da, Bizkaiko Lurralde Historikoaren foru berezitasuna definitzen zuelako eta, gainera, erregearen eta bizkaitar herritarren arteko harremana erakusten zuelako. Zin Bidearen ibilbidea Bilbon hasten zen; bere ardatz nagusia Gernika-Lumo zen eta helmuga, ostera, Bermeon zen. Zirkuituan zehar, Bizkaiko Foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak bisitatu ahalko dira, besteak beste.