Bermeok erdiguneko trafikoa geldotzeko proiektua landuko du
Edertze planeko proposamenetik abiatuta, Kasinoko biribilgunea eta Arreskuenaga kaleak lotzen dituen errepidea eta ingurua egokitzeko proiektua esleituko du aurten
Bermeok herriko erdigunean trafikoa geldotzeko proiektua idazten ari da udala, Edertze Planeko proposamenetik abiatuta. Hain zuzen, Kasinoko biribilgunea (Prantzisko Deuna Atea Plaza) eta Arreskuenaga kaleak lotzen dituen errepidea eta ingurua nola egokitu jasoko du proiektuak, trafikoa geldotzeko eta oinezkoei presentzia handiagoa emateko. Horrez gain, hirigune moderno eta atseginagoa lortzea ere bada proiektuaren xedea.
Udal arduradunek azaldu legez, herriko gune horrek trafiko dentsitate handia izan du beti, “baina saihesbide berriaren irekitzeak trafikoaren joan-etorriak libratu ditu nabarmen. Hori horrela, Udalak, Edertze planean jasotako proposamena lantzea erabaki du inguru horretako trafikoa geldotzeko”. Era berean, oinezkoei presentzia handiagoa eman asmoz, ingurua atonduko dute, espaloiak saihestuz. Gainera, eremu moderno eta atseginago bat sortzeko, Lamerako zabalgunea errepidearen beste aldeko esparruarekin ahalik eta modu naturalenean lotzea da udalaren asmoa.
Proiektua idatzi ostean, auretn lanak esleitzea da Bermeoko Udalaren asmoa. Aritz Abaroa alkateak adierazi duenez, “proiektu hori martxan jartzeko une egokia da. Saihesbidea behin irekita beharrezkoa zen gune horretan esku hartzea, oinezkoei lehentasuna eman, egungo eremuaren estetika irisgarriagoa bihurtu eta trafikoari bigarren mailako presentzia eman. Gainera, burutuko diren lanei esker, Lamera, Taraska, Erreten lamera eta alde zaharreko sarrera lotuko ditugu herritarron aisialdirako gunea handituz”.