"Eukaliptoek klima aldaketa azkartzen dute"
Arturo Elosegi Irurtia EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea irakasle katedraduna da, Landareen Biologia eta Ekologia Sailean. Hainbat artikulu zientifiko idatzi ditu nazioarteko aldizkarietan, eukaliptoen eragina deskribatzeko.
Nondik dator eukaliptoen eraginak aztertzen dituen ikerlana?
Ikerketa hau Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari enkargatu zion: eukaliptoek ingurumenean daukaten eraginari buruzko txosten zientifiko-tekniko bat eskatu zuten. Eusko Jaurlaritzatik, berriz, niri proposatu zidaten proiektua, eta lau lagunen artean burutu dugu egitasmoa: batetik, EHUtik, Aitor Larrañagak eta biok; bestetik, Aranzadi Zientzia Elkartetik, Oscar Cabidok eta Juan Arizagak.
Ikerketak abiatzerakoan, izan duzue euskarri edo azterketarik eredutzat?
Guk, hain zuzen ere, orain arteko ikerkuntzak aztertu ditugu; orain arteko bibliografiaren errebisioa egin dugu. Proiektu honetarako, ez dugu ikerkuntza berririk burutu. Orain arteko materialari dagokionez, aspalditik landu izan da gai hau: 80ko hamarkadan, guk geuk ikerketa batzuk egin genituen, baina gerora ikusi dugu mundu osoan hainbat lan egin direla eta, are gehiago, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta azterketa gehiago daudela; horrek adierazten du kezka egon badagoela eta kezka hori, gutxitzen joatetik urrun, handitzen ari dela.
Ze eboluzio izan dute eukaliptoek euskal lurraldean, azken hamarkadetan?
Azken 35 urteetan, ia bost aldiz ugaritu da haien hedadura. Abiadura etengabean ari zen zabaltzen oraintsura arte; azken bizpahiru urteetan, ostera, asko azkartu da. Lehen, Bizkaiko mendebaldean eta kostaldean nabaritzen zen eukaliptoen presentzia gehiena, eta orain gehiago ari da sartzen bai Gipuzkoa aldera, bai barrualdera.
“Egia da Galizia edo Portugal bezalako sute ugariko tokietan eukalipto baso ugari dagoela, baina suteak ez dira zabaltzen, inondik inora, baso mota hori dutelako bakarrik”
Gaur egun, ba al dakigu gure lurraldeko azaleraren ze ehuneko dagoen eukaliptoz josita?
Bai. EAEko lurraldearen %4 eskas. Herriz herriko azalerarik altuena Maruri-Jataben dago: %50etik gorakoa da. Bakio, Bermeo edo Lemoiz inguruetan ere estaldura oso potoloa dago.
Euskal basoetako materia organikoaren gutxitzea eukalipto ustiapenagaz lotuta dago?
Berez, ez. Bertoko basoak, aspalditik eta espezie ugarigaz, gehiegi ustiatu dira, eta horrek lekuko materia organikoaren kopurua murriztu egin du. Pinu ustiapenek, esaterako, egoera asko kaltetu zuten. Euskaliptoei dagokienez, zerbait egitekotan, ustiapen horren ondorioak larritu egiten dituzte.
Ze eragin dute eukaliptoek lekuko basoetako onddo, fauna edo landarediarengan?
Guk, egin dugun errebisio honetan, orain arte aztertutako eraginetan sakondu dugu eta, egia esan, harrituta geratu gara. Izan ere, elkarren arteko kontraesandun lanak topatuko genituelakoan geunden, hori zientzian oso ohikoa delako; baina, gure harridurarako, lan ia-ia guztiek ondorio berberak ateratzen zituzten biodibertsitateari dagokionez: lekuko basoetan, eukalipto landaketak pinuenak baino askoz ere okerragoak dira. Hori basoetan baina, bereziki, zuhaitz hauen azpian ematen diren prozesuetan igarri dugu. Eukaliptoen azpian, biomasa baxuagoa edo ornogabe gutxiago daude. Beraz, biodibertsitatearen ikuspegitik, eukalipto basoak eremu guztiz pobreak dira.
Transpirazio maila oso altuko zuhaitza izateak badauka eraginik bertoko arro hidrografiko, erreka edo ibaietan?
Lehenik eta behin, argitu beharra dago baso guztiek asko transpiratzen dutela, eta baso denek eragiten dutela ibaietako emari mailan, alegia, emaria murriztu egiten dutela. Gainera, Euskal Herrian ez dugu aurkitu alderdi zehatz honen inguruko argitalpen zientifikorik. Dena dela, errebisio pare bategaz egin dugu topo: bata, Europa mailakoa; bestea, mundu mailakoa. Biek erakusten dute, transpirazioari helduta, eukaliptoak pinuak baino okerragoak direla; Europa mailan, errekentzat zuhaitzik eskasenetakoak direla irakurri dugu, emariei gehien eragiten dietelako.
Suteekin ere, arin hazteko gaitasuna daukan landarea da. Hori probetxugarria ala arriskutsua da?
Landarearentzat, oso ona da: behin sua pasata, eukaliptoaren haziak beste espezie askorenak baino aldea bizkorrago ernaltzen dira; beste kontu bat da leku jakin batean eukaliptoa asko hedatzen bada, hedapen horrek suteetan zer eragiten duen. Ikusi duguna da eukaliptoa nahikoa sukoia dela, hau da, nahikoa erraz erretzen dela, baina beste baso mota batzuk ere bai. Adibidez, pinua bera ere sukoi samarra da. Egia da Galizia edo Portugal bezalako sute ugariko tokietan eukalipto baso ugari dagoela, baina suteak ez dira zabaltzen, inondik inora, baso mota hori dutelako bakarrik. Esate baterako, Bizkaiko eta Kantabriako kostako basoak oso parekoak dira, baina Kantabrian geurean baino askoz sute gehiago egon ohi dira. Puntu horretara helduta, gizartearen faktorea aipatu beharra dago, hau da, gizarteak zelako jarrera duen suarekiko.
Ze lotura dauka eukaliptoen ustiaketa intentsiboak klima aldaketagaz?
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko, tarteka esan izan da eukaliptoa mesedegarria dela, karbono asko metatzen duelako. Egia da ur piloa ekoizten duela, baina gogoratu behar da basoak metatzen duen karbonoaren zati erraldoi bat ez dagoela lurrean bertan; bigarren puntu garrantzitsua zera da, eukaliptoaren egurra, geurean, papera egiteko erabiltzen dela eta paperaren bizi iraupena oso laburra dela; beste baso mota batzuena, adibidez, altzariak edo habeak egiteko izaten da eta, ondorioz, karbono horrek denbora gehiago pasatzen du atmosferatik kanpora. Dauzkagun datuek erakusten dute eukaliptoek, zerbait egitekotan, klima aldaketa azkartu egingo dutela eta ez dutela beste baso mota batzuek beste geldiaraziko.
Zelako harrera eduki du ikerketak?
Gaiarekiko kezka eta interesa igarri ditugu, baina gure lana partziala da, ingurumena bakarrik aztertu dugulako: ekonomia, gizartea edo bestelako ikuspuntuak ere ikertu ahalko lirateke, gaiari osotasunez heltzeko.