Atuna tabernetako barretako lehen lerrora ekarriko dute
Pintxo Tour lehiaketak atunez josiko ditu Bermeoko tabernetako barrak.
Gaur goizean aurtengo Pintxo Tour lehiaketaren aurkezpen ofiziala egin dute, Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxean. Ekimena Kepa Zumeta Bermeoko Udaleko Merkataritza, Sustapen eta Turismo zinegotziak eta herriko komertzio desberdinetako ordezkariek egin dute. Hegaluzeak Bermeogaz daukan erlazioa “antzina-antzinakoa eta herriko ohituretan oso errotua” dela adieraziz abiatu dute aurkezpena; sustrai horiei tiraka eta, gainera, herriko ostalaritzaren dinamizazioa bultzatzeko sortu da ekimena. Antolatzaileen berbetan, “Bermeo World Tuna Capital modu jasangarri eta arduratsuan eginiko atunaren arrantza eta jarduera honen inguruko sektoreen lana aldarrikatzeko egitasmoa” da.
Udalerriko “iraganaren, orainaren eta etorkizunaren parte” denez, Bermeoko Udalak mundu mailako erreferente bilakatu gura du. Hori dela eta, aipatutako Bermeo Tuna World Capital proiektuaren baitan eta atunaren kontsumoa sustatzeko asmoz, “hain gurea” den produktu horren kontsumoa bultzatze aldera, Udalak, beste behin, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa antolatu du.
Aurtengo udan, Bermeoko 21 tabernetako barretan hegaluzerik gozoenaz gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnak. Lehiaketa, uztailaren 3tik abuztuaren 29ra bitartean emango da eta komertzio horiek Bermeo Tuna World Capital-en binilo bereizgarria izango dute; beraz, behar bezala identifikatuta egongo dira. Bermeoko Udalak, bestalde, taberna bakoitzeko pintxo gorenen argazkia eta informazioa dakarten agiritxoak ere banatu ditu, herriko mapa batez gain, komertzio bakoitza kokatu ahal izateko.
Era askotan prestatua. Atuna kontserban, fresko edo keztuta eskainiko dute, adibidez, herriko ostalariek; euren proposamen bereziak egunero-egunero dastatu ahalko dira, 12.00ak eta 14:00ak bitartean. Proposamen tradizionaletik abangoardiara doazen aukeren artean, hegalaburra eta hegaluzea “modu anitzetan kozinatuta” aurkitu ahalko dute bezeroek. Tabernariek, lehiaketan parte hartzeko, izango duten baldintza bakarra da erabiliko duten atun freskoa nahiz izoztua herriko kontserba enpresetan, komertzioetan edo dendetan erosia izatea. Aurten, gainera, udalerriko 10 ostalarik formazio programa baten parte hartu dute Artxandako Bilboko Ostalaritza Eskolan, atunari lotutako jakintzetan erreferente izateko eta, bide batez, teknika aurreratu berrienetan trebatzeko.
Kepa Zumeta Merkataritza, Sustapen eta Turismo zinegotziak adierazitakoaren arabera, tabernarientzat, hobetze aldera, “oso garrantzitsua da bezeroek pintxoen euren balorazio pertsonala egitea, 1etik 6ra, eta, ondoren, ebaluaziook Bermeoko turismo bulegoan uztea”. Bezero ebaluatzaileek, euren balorazioa entregatzean, bertako produktuz osaturiko 3 otzararen zozketan hart ahal izango dute parte. Kalifikazioak bidaltzeko epemuga, berriz, abuztuaren 30a izango da.