Urdaibai turismo jasangarriaren lehen iturburu izendatu dute
Gaur, Ekoetxea Urdaibain eginiko ekitaldian, turismo eredu hori bultzatu duten eskualdeko eragile guztiak omendu dituzte.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak Europarc Federazioaren Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko ziurtagiria emateko zeremonia egin da, gaur, Ekoetxea Urdaibain. Horrela, Urdaibaik akordio horregaz bat egiteko lehen fasea amaitu du eta turismo jasangarriagatik ematen den nazioarteko aitortza hau duen Euskadiko espazio natural bakar bihurtu da.
Madariaga dorretxeko ekitaldiak zati bi izan ditu: lehenengo, Javier Gómez Limónek, Europarc Federazioko ordezkariak, Urdaibai-Busturialdea Euskadiko lehen turismo helmuga jasangarria dela ziurtatzen duen aitorpena eman dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari; Limónek “esangura handia” eman dio gune babestuek turismo estrategia bat lantzeko beharrari, “ekoturismorik jasangarrienean oinarritutako turismo ereduak sustatu ahal izateko”. Bigarren partean, Tapia sailburuak eta Nikolas García-Borreguero Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendariak Turismo Jasangarriaren Europako Gutuneko (TJEG) II. Fasera atxikitzen direla ziurtatzen duten agiriak banatu dizkiete turismo jasangarritasuna ahalbidetzen duten eskualdeko 16 enpresei.
Bertoko enpresen papera. Esparru sozioekonomikoa, ondareari dagokiona, ekologikoa nahiz laborala kontuan izanda, eskualdeko enpresa hauek saritu dituzte: Izkira, Ekobideak, Laga Surf Camp, Gametxo hotela, Hemingway Kanala House, Arrizurieta landetxea, Portuondo, Madaixagane-Madariaga dorretxea, Nueva Europa, Urdaibai Km0 apartamentuak, Ur Urdaibai, Itsasmendi txakolindegia, Campos kontserbak, Berroia upategia, Atxurra hotela eta Astobieta landetxea.
Nikolas García-Borreguerok adierazitakoaren arabera, lekuko turismoak “bilakaera edo garapen positiboa” izan du eta aitorpen horrek, hain zuzen ere, “interesa sortuko du eskaera turistikoan eta turismoagaz modu askotara erlazionatuta dauden sektoreetan”. Bestalde, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak azpimarratu du “garrantzia izugarria” duela Urdaibai urrats hau ematen duen Euskadiko lehendabiziko espazio naturala izateak. Aitorpen hau jasotzeko prozesua orain dela urte bi abiatu zuten eta, denbora tarte horretan, “eskualdeko 20 udalen kolaborazio aktiboa” izan dutela argitu du. Etorkizunera begira, “urratsak ematen eta helmuga berriak bilatzen jarraitzeko beharrizana” dagoela azaldu du; pauso horiek, halaber, “bertoko ekoizle, agente turistiko eta era askotako enpresakaz auzolanean” burutu behar dituztela esan du, “eragileen arteko elkarlanari eutsiz“.
Hau hasiera baino ez da. Europarc-eko ordezkariek azpimarratu duten legez, ondarearen kontserbazioa eta turismo jasangarritasunaren uztarketa “guztiz pentsaezina” litzateke lekuko parte-hartze zibila barik. Era berean, argitu dute Urdaibairi eman zaion nazioarteko zigilu horrek Euskadiko beste espazio natural batzuentzako “bultzatzaile bezala” jokatuko duela eta, beraz, gure lurraldean zehar hedatu daitekeen “kate zabal baten lehenengo hazia” dela. Etorkizunerako finkatu dituzten helburuak, besteak beste, ondare amankomuna zaintzea, tokiko komunitatearen parte-hartze aktiboa sustatzea eta eragile sozioekonomiko desberdinak bultzatzea dira.