Eguazten iluntzeetako hitzordua bueltan dago
Astra Iluntzeek uztailaren 7tik abuztuaren 25era bitartean girotuko dute kulturarako fabrika soziala. Aurtengo kartela herriko 11 eragileren artean osatu dute.
Udako iluntzeak, lagunak, eta musika. Badatoz Astra Iluntzeak, kulturarako fabrika sozialeko eguazten iluntzeetako hitzorduak. 11 eragilek elkarlanean prestatu dituzte datozen zortzi eguaztenetako zitak. Hala, uztailaren 7an hasi eta abuztuaren 25a bitarteko iluntzeak askotariko doinuez beteko dute Astrako terraza. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.
Egitarau “zabala” prestatu dute, izan ere, kultura “beharrezkoa” dela erakutsi gura dute beste behin: “Pandemiaren urte gatz honetan zehar ikusi ahal izan da, eta Astratik erakutsi ahal izan dugu, kultura ez dela bakarrik aisialdirako arnasgune izatera mugatzen. Kultura osasuna ere bada, gure bizimoduan beharrezkoa. Gure bizitza sostengatzen duen beste ardatz edo zutabe garrantzitsuetako bat da”. Horren adierazgarri direla konfinamendu garaian egindako Berakatz Zopa kultur ekimena eta #EutsiEderrenari kanpaina diote: “Ekimen horiek hartu duten garrantzia eta herriari eman dioten eskaintza eta ekarpena ikustea besterik ez dago. Adierazgarria da baita ere Iparragirrek antolatutako kontzertu bakoitzak herrian sortu duen giro eta bizitasuna”.
Argi dute autogestioz eta elkarlanean iluntzeak edertuz jarraitzea dela bidea. “Herri mugimenduen lanagaz eta elkarren artean saretzen eta zaintzen jarraitzea da asmoa”, diote. Horregatik, Astra arnasgunerako eta kulturarako espazio izatea bilatu dute Astra Iluntzeekin: musikari eta teknikarientzako plaza, talde gazteentzako bozgorailua, elkar ezagutzeko espazio erosoa, herritarrengandik eta herritarrentzat sortutako proposamena, aukera eta diziplina desberdinekin osatutakoa eta Gernika osora zabaldu gura dena. “Autogestioan oinarritutako kultura hori aldarrikatzetik praktikara eroatera gatoz, denontzako kultura bat sustatzera, helduleku bat edukitzera”.
Elkarlan horren adierazgarri dira ekimena antolatzen parte hartu duten 11 taldeak: Astrako irratia, Gernikako rudelari taldea, Metal Fabrika ekimena, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea, Gernikako Sare, Busturialdeko Neska Gazteen taldea, Lilibertso eskualdeko bertsolari gazteen eragilea, Egurre, Astrako Swing taldea eta Astrako egitarau lan taldea.
Hain zuzen ere, Swing eta Gerniska Rudelari taldeak antolatutako kontzertuagaz hasiko da aurtengo ekimena datorren eguaztenean. Trikoma talde arabarra ariko da Astrako kanpoaldea ska musikaz alaitzen. Uztailaren 14an, berriz, Desgaraian taldea izango da protagonista, eta Erasok hartuko du haren lekua gero. Uztaileko azken eguaztenean Biren taldea hurbilduko da udalerrira.
Abuztuan zehar, suTAM, Abereh eta Lilibertsok gonbidatutako bertsolariak ariko dira Astrako terrazan, eta Aine taldearena izango da azken iluntze musikala.
Segurtasun neurriak. Astrako iluntzeak osasun eta segurtasun neurriak jarraituko dituzte. Hori horrela, sarrerak aurretiaz erosi beharko dira Astran 3 eurotan –egunean bertan ere salgai egongo dira–.
Astrako terrazan batuko dira herritarrak, eta urtero legez, afaltzeko aukera egongo da; bertako produktuekin egindako jatekoa egongo da.
ASTRA ILUNTZEAK-EGITARAUA:
- Uztailak 7: Tikoma
(Antolatzailea: Swing eta Gerniska Rudelari Taldea) - Uztailak 14: Desgaraian
(Antolatzaileak: Egurre) - Uztailak 21: Eraso (Antolatzailea: Metal Fabrika eta Tukatukada Batukada)
- Uztailak 28: Biren
(Antolatzaileak: Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Sare Gernika-Lumo) - Abuztuak 4: suTAM
(Antolatzaileak: Astra) - Abuztuak 11: Abereh
(Antolatzailea: Biztu da piztia) - Abuztuak 18: Bertso saioa
(Antolatzailea: Lilibertso) - Abuztuak 25: Aine
(Antolatzailea: Busturialdeko neska gaztiek)