Udako jaien ordez, kultur egitarau zabala prestatu dute Bermeon
Aurtengo Madalen eguna eta Andra Mari jaiak bertan behera utzi ditu udalak, baina modu seguru eta antolatuan egin daitezkeen ekintzez bete du udako egitaraua, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean.
Udako jaiak ez dira ohi modura ospatuko Bermeon, baina modu seguru eta antolatuan egin daitezkeen ekintzen alde egin du Bermeoko Udalak. Hala, egoerara egokitutako udako kultur eta aisialdirako egitarau zabala aurkeztu du, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean egindakoa.
“Aurten ere, pandemiak markaturiko uda bat bizitzea egokituko zaigu. Egoera ez da iazkoa bezalakoa, badirudi egoera hobetu dela, baina zuhurtziagaz eta elkartasunez jokatu behar dugu oraindik ere. Hoberantz goaz egin dugun ahaleginagatik, gizarte modura izan dugun konpromisoagatik eta hoberantz joateko konpromisoari eutsiko diogu”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Hori horrela, Jai Batzordearekin batera, kultur eskaintza zabala lantzeko konprimisoa hartu zuen udalak, eta hala egin dute, “herritarrek herriaz gozatu ahal izateko, eta bertan bizitzeko aukera desberdinak sustatzeko”. Besteren artean, kaleko zinemaz, Jazzber jaialdiaz, liburu eta diska azokaz, zein Arrantzaleen Museoko udako tailerrez gozatu ahalko dute bermeotarrek.
Aurtengo Madalen eguna eta Andra Mari jaiak bertan behera utzi dituzte, baina Madalen egunean tradizioa mantendu eta teila jaurtiko dutela adierazi du alkateak: “Tradizioari eutsi egin behar zaio, betiere osasun neurriak errespetatuz. Hala, jende pilaketak sortzen dituzten ekintzak alde batera utzi ditugu, eta teila jaurti eta Bermeora bueltatuko gara”.
Adin guztientzako egitaraua. Gaur hasiko dira udako kultur eskaintzekin. Iaz pandemia dela-eta ospatu ez zen Jazzber jaialdia “indarberrituta” dator. Bere 23. edizioan jazzaldiak Alex Monfort Trio, Emma Nagy Quintet eta Haizea Martiartu dakartza kostako herrira. Kafe Antzokian gozatu ahalko da euren musikaz, gaurtik hasi eta barikura bitartean. Ildo beretik, uztailaren 9an eta 10ean Gorefest jaialdiak hartuko du herria. Fantasiazko eta beldurrezko XX. Zinemaldia ospatuko da, eta aurreratu dutenez, bederatzi film ikusi ahalko dira Nestor Basterretxea aretoan; sarrerak Kutxabanken eskuratu ahalko dira.
Uztailaren 14an Markeliñeren Chef Nature ikuskizunak beteko du San Frantzisko herri ikastetxeko patioa. Zehaztu dutenez, 100 lagunentzako tokia egongo da. Ekintzekin jarraitzeko, uztailaren 16tik 25era bitartean, Bermeoko Liburu eta Diska Azoka jarriko dute Lameran.
Uztaileko azken hiru asteburuetan (uztailak 16, 23 eta 30) kaleko zinemaz gozatu ahalko da Goiko plazan. Hiru emanaldi eskainiko dituzte eta ehun eserleku egongo dira bakoitzean. “Alde zaharrari behar duen bultzada emateko, gainera, Eskandinaviako rockaren doinuak zabalduko dituen Addar talde bermeotarrak kontzertu eskainiko du Goiko plazan, hilaren 24ean”, azaldu du.
Hilabeteko egitaraua Urdaibaiko Organoen kontzertuak borobilduko du. Ugo Spanu organo-jotzaileak eta Antoni Mura tronpeta-jotzaileak euren lana plazaratuko dute San Frantzisko elizan. 31an Abesbatzak Habanera kantatuko du.
Abuztua indartsu hasiko dute Nazioarteko Musika Asteagaz. Hilaren 2tik 6ra bitartean Santa Maria eliza beteko dute Aba Taano boskote ugandarrak, Banduoneando taldeak, Alos Quartetek, Josu Okiñenak, Pablo Martosek, Elena Arboniesek eta Amaia Zipritiak. Edukiera kontrolatua izango da, eta gonbidapenak aurretiaz hartu beharko dira.
Zirku tailerra ere egingo dute abuztuaren 11n Talan, eta aurretiaz izena eman beharko da. Tailerrekin jarraituz, 9 urtetik gorako gazteentzako Dron tailerra antolatu du udalak. Horrez gainera, gazteentzako puzgarri berezi bat jarriko dute Burujabetasun zelaian, goizez eta arratsaldez.
San Frantzisko herri ikastetxeko patioak Trapu Zaharra taldearen Turisteando kale antzerkia hartuko du abuztuaren 25ean.
Adin tarte guztietara zuzendutako eskaintza bilatu dute udal arduradunek, baita herriko gune desberdinetan kultura eta aisialdia bultzatzea ere. “Hori izan da helburuetako bat, kultura eta aisialdia herrian zehar banatzea eta adin tarte guztietarako izatea”, azaldu du alkateak eta eskerrak eman dizkie egitaraua antolatzea posible egin duten herriko talde eta eragileei eta udal langileei. “Herriko taldeen lana barik ezingo zen horrelako egitarau zabala antolatu. Pandemia hoberantz doa egin dugun ahaleginagatik eta elkartasunez jokatzen jarraitzeko deia egin dugu”.