Rementeriak dio Guggenheim proiektua gauzatu egingo dela, "Europako funtsak onartu edo ez"
Europako funtsen laguntza jasoz gero, proiektua "azkarrago" garatuko dela dio, eta funtsak heldu ezean, erritmoa "motelagoa" izango dela adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.
Bizkaiko Foru Gobernuak kontrolerako saioa egin du gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean, eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazi du Urdaibaiko Guggenheim proiektua gauzatu egingo dela, Europako funtsekin edo funtsik barik: “Proiektu batzuk egin egin behar dira, funtsak onartu edo ez onartu, lurraldearentzat onak direlako”. Europako funtsen laguntza jasoz gero, proiektua “azkarrago” gauzatuko dela dio, eta funtsak heldu ezean, erritmoa “motelagoa” izango dela adierazi du.
Ahaldun nagusiak esan du Guggenheim Museoaren Patronatuak aurkeztutako proiektua babesten dutela, “helburuak partekatzen” dituztelako. Proiektua “borobila” eta “bakarra” dela esan du Rementeriak, eta “garai berri honen ondorioa” dela uste du, “kultura, jarduera ekonomikoa eta ingurumenaren babesa” batzen dituelako, mundu mailan “erreferentzia” den marka bategaz: Guggenheim. Gaineratu duenez, proiektuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserba “errespetatzen” du eta eskualdearentzat “aukera berdintasuna bultzatzen” du.
“Ingurumenaren eta aurrekontuen ikuspegitik, proiektua iraunkorra da zentzu guztietan”, adierazi du Rementeriak. Eta Europako Batzordearen babesa jasoz gero, proiektu “globala” izango litzatekeela uste du. Funtsak onartu ezean, proiektua “erritmo motelagoan” egingo litzatekeela adierazi du.
“Neurrigabekoa”. 127 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute proiektua gauzatzeko, eta horietatik 81 milioi Europako Batzordeari eskatu dizkiote, Next Generation funtsen bitartez. Elkarrekin Bizkaiaren batzarkide Hector Fernandezentzat proiektua gauzatzeko diru kopuru hori “neurririk gabekoa” da, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren patronatuak proiektuari buruz daukan iritzia zein den galdetu du. Fernandezek jakin gura izan du proiektuak zer eragin izango duen Gernika-Lumoko itsasadarrean eta zergaitik egiten den “karta bakarrerako apustua” Urdaibaiko garapen ekonomikorako planetan.
Ahaldun nagusiak aurreratu duenez, Urdaibaiko Erreserbako erakundeen arduradunekin “elkarrizketak” izan dituzte dagoenerako, baina uste du oraindik “goiz” dela horiek euren iritzia emateko, “proiektuaren inguruko xehetasun gehiago izan arte behintzat”. Izan ere, Rementeriak uste du gune bien arteko loturei buruz iritzia eman beharko dutela udal ordezkariek, Dalian eta ontziolan egin beharreko jarduketak udal-plangintzari dagozkiolako.