Errealitatea artelanetan
‘Gatazkan dauden lurraldeak’ proiektua lantzen ari dira Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura, eta lurralde bakoitzak dituen arazoak eta nahiak jasotzen dituzten artelanak sortu dituzte. Astran daude ikusgai.
Tokian tokiko kezkak, gatazkak eta bizitzarako proposamenak ikusi daitezke Astran. Mozambikeko Cabo Delgadon eta Maputon, Kolonbiako Toliman eta Caquetan eta Busturialdean egindako lanak dira kulturarako fabrika sozialean ikusgai daudenak.
Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundurak bultzatutako ikerketa, prestakuntza, ekintza eta eragin politikorako proiektu bat da Gatazkan dauden lurraldeak. Bere helburua baztertutako komunitate eta sektoreen agentzia kolektiboa indartzea da, egungo eredu hegemoniko kapitalistak, heteropatriarkalak eta neokolonialak lurraldeetan duen eraginaren aurrean. Halaber, komunitateek beren barnetik horri aurre egiteko eraikitzen dituzten bizi alternatiba eta erresistentzia prozesuak ikustaraztea bilatu dute azkenengo bost urteetan. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatzen du, eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntza dauka.
Gernika Gogoratuzen ustez, “dimentsio sinbolikoa eta sortzailea” dira ikerketa, ekintza eta partaidetza prozesu guztien funtsezko ardatzak. Beraz, proiektuaren bigarren fase honetan, lurraldeek, beren idiosinkrasietatik eta kulturetatik lankidetzan egindako ekimen artistikoak landu dituzte. “Proiektuagaz beti jarri gura izan dugu garrantzia herrigintzan eta parte hartze prozesuetan. Proiektuaren lehenengo fasean tailer batzuk egin genituen, gure eskualdeko zein beste lurraldeetako arazoak ezagutzeko. Arazoak, erronkak eta bizi alternatibak landu genituen, eta horri jarraipena ematea erabaki genuen bigarren fase bategaz. Parte hartze prozesuen bidez, Urdaibain eskualdearen argazki soziekonomikoa egin genuen adituekin, eta beste tailer batean, ingurunean dauden habitat ezberdinak kontuan hartuta eskualdea zelan ikusten zuten aztertu genuen”, azaldu du Jokin Alberdi proiektuko kideak.
“Garrantzitsua” dela horrelako parte hartze prozesu kolektiboak bultzatzea uste du, “pentsatzeko eta hausnartzeko”. Prozesu parte hartzaileez gain, Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak garrantzi handia eman diote arteari, “prozesu sozialak kontatzeko balio duelako, baita izan nahi duguna adierazteko eta horretarako bidea zein den zehazteko ere”. Hain zuzen ere, erronka horiek islatu dituzte artelan ezberdinen bidez: horma-irudiak, batik-ak, margolanak, tottemak… dira Astran ikusi daitezkeenak.
Batzart, Urdaibain
Artelan guztiek errealitatea islatzen dute, tokian tokikoa bakoitzak. “Horma irudiek egiak pinturaren bidez irudikatzen dituzte, eta gauz bera egiten dute Batik-ek oihan eta estanpatuen bidez. Lan horiek guztiak testuinguru-artearen arloan sartzen dira. Testuinguru-artea sormen-modu bat da, testuinguruagaz elkarreragiten duena. Kasu hauetan, testuinguruarekiko interakzioa dira lanak, bakoitzak bere errealitateagaz zerikusia dutenak”, adierazi du Alex Carrascosa artistak.
Batzart izeneko asanblada sortzaile eta aktibo batean bildu ziren Urdaibain, eta prozesuak diseinatzea zela asmoa adierazi du Carrascosak. Elkarlanean, Urdaibaiko arazo eta erronkak jaso zituzten. “Gogoeta izan zen batzarraren ardatza. Hainbat eragileren hausnarketak jaso genituen, hainbat esparrutakoak”.
Carrascosak dioenez, Urdaibaiko errealitatean ez dago gerra armaturik, “klase maila altuko” lurraldea delako. Baina artistak dio ezkutuan dauden arazo asko daudela: “Gizarte baketsua gara, ongizate maila handikoa. Baina badaude inkoherentziak, zabarkeriak, gestio txarrak eta gestio txar horien ondorioak”.
Ideia horiek guztiak erakusketan islatu dituzte. Esaterako, eukaliptoen gaia landu dute. Hainbat eukalipto eskegita jarri ditu, urkatuta egongo balira bezala. Eukalipto horietan, Urdaibaiko bizilagunen desirak ere agertzen dira eskegita. Erakusketaren erdian, mahai bat eta eserleku bat jarri dituzte, “erakusketan edonon jar daitekeenaren seinale”. Mahai horretan ere, herritarren nahiak agertzen dira, eskualdeko jendearen gogoak jasoz.
Erakusketan ikusi daitezkeen landareek “zaintza lanaz” hitz egiten dutela dio artistak: ”Ulertu egin behar da gauzak asmo onez egin arren, txarto egin daitezkeela. Lehenengo jendea ulertu behar da, eta horretarako entzun egin behar da, eta entzuteko zaindu. Horrela ulertuko dugu zein gizarte eredu gura dugun. Zaindu, ikusi eta norberaren akatsetatik ikasi egin behar da. Horrek zaintzen den gizarteaz hitz egiten du, eta horregaz geratzen naiz prozesu parte hartzaile hau burutu eta gero”.
Beste errealitateak
Antzeko prozesu artistikoak bultzatu dituzte beste lurraldeetan. Mozambiken, horma irudiak egin dituzte Cabo Delgadon, eta Batik-ak Maputon. Maputoko emakumeen elkarte bategaz ari dira lanean Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura. “Normalean ekintza guztiak neskekin egiten dituzte, baina prozesu honetarako mutilak ere gonbidatu dituzte. Hala, Batik bakoitza talde misto batek sortu du”, azaldu dute.
Lan bakoitzak arazo jakin bat nabarmentzen du, baina denek dituzte elkartzen dituzten puntuak. Batzuetan genero ikuspegia lantzen da, emakume zein gizonezkoen ikurrekin adierazten dena. Beste batzuetan, emakumeak bozgorailuekin eta leku publikoetan ageri dira, entzunak izan gura dutela aldarrikatzeko. Ur edangarria behar dutela ere salatu dute lanetan, baita asfaltatutako herriak gura dituztela adierazi ere: “Europearrek natura hirietan txertatu gura dute, eta Mozambiken, berriz, herri asfaltatuak gura dituzte”.
Cabo Delgadoko egoera ere islatu dute: “Gas eta harribitxien erauzketekin zerikusia dauka gatazkak Cabo Delgadon. Orain dela hamar urte iritsi ziren, eta horrek Mozambike iparraldeko askoren bizitzak desegituratu ditu. Matxino islamisten taldeek aurre egin diote estatuari, eta une honetan krisi humanitarioa dago bertan. 750.000 pertsona baino gehiago daude desplazatuta”.
Kolonbiako horma irudiak “oso desberdinak” dira. Caquetan elkarlanean sortu dituzte, gizarteak hala baliatu duelako. Toliman, berriz, ezin izan dituzte elkarlanean egin: “Horma irudi batek egungo egoera islatzen du, eta besteak zelako etorkizuna gura duten adierazten du”. Kolonbiako egoera “latza” dela diote, “indarkeria armatuak aurrera jarraitzen duelako”.