ANABACek ‘Marine Stewardship Council’ ziurtapena eskuratu du
Bermeoko Ertzilla Dorrean kokaturiko Arrantzaleen museoan jaso zuen ANABACeko ordezkaritzak arrantza jasangarriaren abangoardiako zigilu hori.
Ia urtebeteren ondoren, ANABACek (Asociación Nacional de Armadores de Buques Atuneros Congeladores) MSCren ziurtapena lortu du. Marine Stewardship Council edo MSCk urazalean arrantzatutako ozeano Atlantikoko hegahoriagatik (Thunnus Albacares) aitortu dio izendapen berezi hori. Horrela, ANABAC Europan MSCren arrantza markako zigilu hori lortu duen atunontzien armadoreen lehenengo elkarte bihurtu da.
Atzo, Bermeoko Arrantzaleen museoan egin zuten ekitaldian, ANABACeko presidente Borja Soroak ziurtagiri horren erakugarria jaso zuen, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozen eskutik. Saio horretan egon ziren, gainera, Espainiako zein Portugaleko MSCko lehendakaria, Laura Rodríguez, eta Ignacio Serrats, Bermeo Tuna World Capital-eko lehendakaria.
Izendapena jasotzeko prozesua 2020ko ekainaren 30ean hasi zuen ANABACek; orduan, iragarpen publikoa eta Announcement Comment Draft Report (ACDR ingelesezko siglak) izeneko aurretiazko lehenengo diagnostikoa egin zituzten. Gerora, haien ibilbideak MSCren neurri zorrotzak jarraitu dituen beste edozein ebaluaketak besteko pausu berdintsuak jarraitu zituen: aleen berrikusketak, lekuko bisitak, parte interesatu guztiek egindako mota denetako alegazioen aurkezpenak eta MSCren webgunean publikatutako agiri desberdinen argitalpenak.
Ziurtagiria azaleko arrantza izeneko arrantza modurako lortu da (objektu flotatzaileakaz egiten den arrantzatzeko era, hortaz, ez da ziurtapenean sartzen). Ia hamabi hilabeteko ebaluaketaren ondoren eta behin MSCren neurririk zorrotzenak nahiz arrantza auditoretzarik artezenak arrakastaz gaindituta, arrain horrek MSCren zigilu urdina eraman ahal izango du, bere arrantzaren jasangarritasuna frogatu ahal izan dutelako.
Azterketarik zorrotzena. MSCren arrantza estandarra eta ziurtagiria arrantzaren jasangarritasuna neurtzen eta bermatzen duen ebaluaketa prozesurik gogorrena da. Ziurtapenaren ebaluazioa, berriz, hiru printzipio nagusitan oinarrituta dago: batetik, arrainen populazio osasuntsuak babestea; bestetik, itsas ingurugiroan zein ekosistemetan arrantzaren eragina ahalik eta gehien txikiagotzea; horiez gain, arrantza kudeaketa sistema eraginkorra ahalbidetzea. Hiru zutabe horiei jarraituz, ANABACen ziurtapena Bureau Veritas ziurtagiri emale independenteak burutu du.
Bittor Orozek esandakoaren arabera, “Eusko Jaurlaritzak ziurtapen hau lortu ahal izateko egin den lanketari babesa eman dio eta asko pozten da, euskal arrantza sektorea jasangarritasunaren abangoardian mantentzen delako”. Borja Soroa ANABACeko presidente eta sarituak, berriz, zigilua arrantza jasangarriarekiko duten “konpromisoa frogatzeko modu argia” dela adierazi du.