12.600 pertsonak egin dute erreserba Gaztelugatxe ingurua bisitatzeko
3.891 erreserba egin dira, eta bisitari gehienak Madrildik eta Herrialde Katalanetatik helduko dira. Udal eta foru agintariek Ermu eta Lurgorri inguruan egiten ari diren obrak bisitatu dituzte
3.891 erreserba egin dira Gaztelugatxe ingurua bisitatzeko, eta, guztira, 12.600 pertsona helduko dira inguru horretara datozen asteetan. Bisitari gehienak Espainiar estatutik helduko direla zehaztu du Bizkaiko Foru Aldundiak; batez ere, Madrildik eta Herrialde Katalanetatik –Bartzelona eta Valentziatik–. Atzerritik helduko direnen artean, gehienbat Frantziakoak eta Amerikako Estatu Batuetakoak (AEB) izango dira.
Bihartik aurrera, Ermu eta Urizarreta arteko eremua bisitatu ahalko da, eta eguneko edukiera mugatua izango da; gehienez, 906 bisitari hartuko dituzte egunean. Horretarako, aldez aurretik erreserba egin beharko da, foru aldundiak horretarako egokitu duen plataforman.
Ermu eta Urizarreta arteko ibilbide zirkularra egiteko aukeraz gain, uztail bukaerarako Ermu eta Lurgorri artekoa zabaltzeko asmoa agertu du aldundiak. Gaur egun Ermuko sarbidea naturalizatzeko eta mendi-hegalaren mugimenduaren euste-elementuak instalatzeko lanak egiten ari dira. Hain zuzen, obra horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten agintariek astelehenean –ekainaren 28an–. Bertan izan ziren Iraunkortasuna eta Ingurune naturala zaintzeko diputatu Amaia Antxustegi, Bakioko alkate Amets Jauregi, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Bermeoko alkateorde Idoia Platas. Lurgorriko sarbideraino joan ziren, eta in situ ikusi zituzten geologo taldeak egindako azterketaren ostean inguru hori segurtasunez zabaldu ahal izateko hartu diren neurriak.