Santuak berriz ere Mundakako kaleak zapaldu ditu
San Pedro eguna ospatuz, Mundakak jaietako egun potoloa bizi du gaur.
Mundaka San Pedro jaietako ospakizunetan murgilduta dago eta, hain zuzen ere, ekainaren 29a, egun handia da mundakarrentzat, haientzako hain berezia den aste honen barruan. COVID-19ak sortutako osasun krisialdi larriagatik iazko jai egitaraua bertan behera geratu ostean, aurten, Kepa Deunaren jaiak aurrera atera ahal izan ditu Mundakako Udalak, formatu murriztuagoan eta modu alternatiboan bada ere.
Jaietako egun potolo hau goizetik hasi da: 10:30etan, Kankinkabara Txistulari Elkarteak kalejira egin du herriko bazterretan zehar. Emanaldi honek ziharduen artean, 11:00etan, Ezberdinak gara / Berdinak gara izeneko 6 eta 10 urte arteko umeentzako ikuskizuna egin dute. Saio hau erroldatuentzat baino ez da eta, herriko jaiek dirauten bitartean, beste hiru saio egingo dituzte: bihar (11:00-13:00), etzi (11:00-13:00) eta barikuan (11:00-13:00). Datozen emankizunetarako izen-ematea, ostera, Mundakako turismo bulegoan egin beharko da.
Jaietako une gorena. 12:00etan, jaietako momentu nagusia heldu da: meza osteko ohorezko aurreskua. Aurten, santuarentzako lore eskaintza eta osteko aurreskua eliza barruan egin dute, udal abesbatzaren, Kankinkabara Txistulari Elkartearen eta GazterZar dantza taldearen parte-hartzearekin.
Behin meza ospakizuna amaituta, santua lepotan hartu eta herriko kaleetara atera dute, prozesioan; udal enparantzan geldialdi txiki bat egin ondoren, ibilbidea abiapuntuan amaitu dute, Andre Maria elizan.
San Pedro eguna osatzeko, 20:00ak eta 21:30ak artean, Talan, mariatxien emanaldia egongo da eta, gaueko 23:00etarako, ostera, “ezustekoa” iragarri dute jaien antolatzaileek.
Ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean, San Juan eta San Pedro jaiak ospatzeko, hainbat ekimen, jarduera eta proposamen daude aukeran, besteak beste, erakusketak, musika emanaldiak, magia ikuskizunak, kalejirak, edo berbaldiak.
Esate baterako, zapatuan saio irekiak egin zituzten Urdaibai Eskubaloi Taldekoek: “Denboraldi gogor eta zail honen amaieran, gaztetxoek kirola egin eta eskubaloiagaz tarte polit bat pasatzea nahi izan dugu. Orokorrean talde denek, baina gehienbat txikienek aukera gutxi izan dute, eta denboraldi amaiera honetan honelako pilula txikiak antolatzen ahalegindu gara. 33 neska-mutil animatu dira, giro polita sortuz eta goiz ederra oparituz eta kirola bultzatuz eta eskubaloia kalera eraman eta ikusgai eginez”.